Ondorengotzari segida ematea

Koldo Aldai Kazetaria
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Udazkena xuxurlaka ari da loriak ez duela irauten. Haren izaera isilagoak aditzera ematen digu erritmo, sekuentzia, ziklo... dela bizitza. Bere kasa, botereak ere bere udazken bereziei so egin beharko lieke. Ezinbestekoa izango da ereinotzetan ez lokartzea, horiek ere ihartu egiten baitira azken buruan. Agintariak bere egokierak agortzen ditu, bere denborak administratzen. Nekez eska dakioke uda luzeagorik, loria handiagorik, hark bere inguruabarren eta eguzki propioen arabera eman dezakeenaz harago.

San Pabloko metalurgia langile bati ezin eska zekiokeen Planalto jauregira iristea besterik, eta ahalegin eskerga bat egin zezan Brasilgo azkenekoen bizitza duintzearren. Lulak sobera bete du bere rol historiko nagusia. Beste batzuek hartu beharko duten haren lekukoa, eta tornulari-presidenteak ahal zezakeen baino harago joan. Nori zati bat dagokio, misio jakin bat, baina beti ez da luzagarri. Lulak proposatu du Dilmari Rousseffi ematea txanda, eta babes handia lortu du herritarren artean, baina ez ditu asebetetzen sektore alternatiboen gurari zabal, dinamiko eta ezinago konprometituak.

Politikariak badu izateko arrazoi bat, talde lorpen jarraituak direla bitarteko gai baldin bada herritarrak motibatzeko. Behin jomuga batzuk erdietsita, ezinbestekoa izango da urrunekoago beste batzuetarantz jotzea. Gobernari bat, bere eginkizun jakinekoa zuzen eta zintzo betetakoa izanagatik, ez da beti gai izaten bere nazioari aurrerapen handiagoetarantz jotzen laguntzeko. Ez da gutxi izan Lulak bere herrialdearengatik egindakoa. Nazioarteko jokalekuan jarrarazi du, moderno bihurtu du, Olinpiar Jokoak eman dizkio... Gaur egun, herritar guztiek jaten dute hiru aldiz egunean, baina gero eta gehiago dira brasildar kezkatuak, uste baitute iritsi dela garaia Lularen ekonomia eredua auzitan jartzekoa, hari atxikiegia baitago eta hari iraunarazteko modurik ez baitauka, ez gizalegez, ez ekologia aldetik. Ez da alferrik Lula labe garaien ondoan sortua. Su hori piztearen aldekoa da; fabrikatu eta fabrikatu segitzeko, harik eta inork ez dezan izan gabeziarik.

Lulak egin ezin duen ibilbide horri, beste norbaitek ekingo ahal dio etorkizunean, ikuspegi urrunekoago eta iraunkorragoa duen norbaitek, bandera berdeago bat jasoko duenak. Nori berea. Garrantzitsua da batzuek eta besteek, iraganekoek eta oraingoek, unean-uneko erronkei aurre egitea. Ez da bidezkoa, agian, Lulari eskatzea oihana salbatzeko, bere asfaltotik urrun dagoen zerbait begitandu baitakioke. Lulak ogia ekarri zuen mahai hutsetara, eta ahotsa eman zien ahotsik ez zutenei, baina Lurrak ez du eztarririk ere bere sentipenak gorarazteko... Eta oihanaren bihotzetik, Lularen beraren alderdiaren bihotzetik, orduantxe sortu da Lurraren eztarria, itxaropen fresko eta eraberritu bat, Marina Silva izenekoa. Garai batean seringueira izandakoak adoretsu, samurki eta poesiaz gobernatzen du Alderdi Berdea. Borondate sendoko eta diskurtso sentiberako emakume horrek emaitza bikainak lortu ditu oraindik orain izandako hauteskundeetan -botoen %19,7-, eta horrek itxaropenez gainezka gauzka. Bateragarriak dira bidezko garapen bat eta Lurraren zaintza; hala aldarrikatzen du emakume aktibista, ausart, eta bizimodu epiko eta sakrifikatuko horrek.

Emantzipazio eta askapen ildo bereko etapa bi izan litezke Lula eta Marina. Osagarriak izan litezke, eta ez nahitaez elkarren aurkari, nahiz eta haien alderdiek hauteskunde lehia berean gogotik aritu behar izan duten. Ezinbestekoa izango da denbora ikuspegiaz jokatzea, eta ez berehalakotasunez. Garrantzitsua da orotariko kontzientziaren aurrerabidea, eta ez luze gabeko lorpen politikoak. Denbora dute aldeko Lurra eta giza harreman bidezkoak eta zuzenak aldezten dituztenek mozkin ororen gainetik. Garrantzitsua da talde lorpenen ondorengotza historikoaz jabetzea, ondare hori eraberritzeko eta eguneratzeko premia sentitzea, eta gerora begira segida egokia ematea. Litekeena da Lulak betetako eginkizun eskerga aitortzea eta eskertzea; baina, aldi berean, ohartaraztea haren ereduak besteren bati txanda eman beharko liokeela etorkizunean. Ez da txeragabetasuna, historiaren bilakaerari behatzea baizik.

Egiaz, kontzientzia aurrerabidearen adibide grafikotzat daukagu Brasil, lurralde zabal bezain berdea baita, gizarte mugimendu ugarikoa, eta itxaropen handia eragiten duena. Errealitatea gordinegia da, eta ezin saihestuzkoa da amets eginarazteko eskatzea politikariei. Lulak amets eginarazi zigun. Brasilgo Langileen Alderdiko hautagai betierekoak boterea erdietsi zuen 2003an, 52 milioi boto eskuratuta, eta ilusio haize batek astindu zuen haren herrialdea, baina baita mundu osoko pertsona aurrerakoiak ere.

Zaila da zehaztea politikari batek noiz uzten dion aurrerapen izateari, eta noiz bihurtzen den galga. Lulari dagokionez, apur bat historiaren bazterrera makurrarazi dute: besteak beste, askatasunik gabeko Kubari egindako keinu betierekoek; oraindik orain Ahmadinejadekin eta haren erregimen ilun, diktatorial eta ankerrarekin izandako berriketaldiek; itsaspeko nuklear bat egiteak, brasildar askok oraindik ere zopa urri dutelarik beren mahaian; Amazoniaren zaintzaren inguruan ardura gutxi erakutsi izanak; kosta ahala kostako desarrollismoa aldezteak, pobreziaren eta gosearen kontrako bidezidorrik lasterren gisa; eta abarrek.

Aldeak alde batera utzirik, litekeena ote da gogoeta honetatik zerbait lekualdatzea gure gaur egungo Europara, gure Estatu propiora? Litekeena ote da talde berriak ernaltzea, eta, unean uneko dilementzako konponbide jakinak ematen ez ezik, hautabide benetakoak ekartzen hastea, desarrollismo zaharkituan eta materialismo obsesiboan oinarrituriko ekonomia eta gizarte eredu hori konpontzeko? Litekeena ote da talde berriak ernaltzea, eta, kontsumismo zorabiagarri eta arduragabearen eskariei bakarrik erantzun beharrean, gero eta gehiago edukitzearen grinak liluraturiko hautesle horien zoru arraseko helburuak betetzeari uztea eta jomuga goi mailakoagoak eta solidarioagoak erdiestera bultzaraztea talde kontzientzia? Litekeena ote da talde berriak ernaltzea, eta, zibilizazioaren bidetiko ibilaldi samurraz arduratu beharrean -egun kontatuak baititu-, noranzkoa aldatzen ahalegintzea eta bizitza aldezteaz, ama lurra zaintzeaz eta maila guztietan giza harreman zuzenak eta bidezkoak ezartzeaz arduratzea? Batzuen batzuk ari dira hurbiltzen arrapaladan, zaldi gainean (equo), helburu zintzo horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.