Igandean aurkeztu zuten Kursaalean, arrandiaz eta hotsandiz, Master Planaren proposamena Pasaiako Portuko zerbitzu gunea antolatzeko. Gipuzkoako Ganberak eskaturik egindako proposamena da, Gipuzkoa Aurrera-ren baitan, eta Gipuzkoako Aldundiaren lankidetza eta finantzatze kalkulaezina izan du.
Prozesu horrek, batetik, Udalak baztertu ditu, haiei beren udalerrien plangintza zehazteko duten eskumenik garrantzizkoena kenduz; eta, bestetik, herritarrak mespretxatu ditu, haien arazoak, premiak eta beren lurraldeaz azterketa pausatua eta partekatua egiteko duten beharra, ez baititu aintzat hartu.
Ikusgarritasun handiz prozesu plural moduan saldu zitzaigun, herritarrek aktiboki parte hartzeko bidea emango zuen prozesu gisa, eta, gaur da eguna hemen bizi eta lan egiten dugunok gure iradokizunak egiteko aukera bakarra web orriarena duguna; web orri bat baino ez.
Master Plan guztia trokelatzeko makina handi bat da, Pasaia eta eskualdeko gizarte eta hirigintza errealitatea gutxieneko zorroztasunez aztertu gabe aprobetxamendu handienak nondik etor litezkeen aipatzera mugatzen dena, hortik atera litekeen ustezko mozkinarekin kanpoko kaia finantzatu ahal izateko. Gainera, ez dute batere eskrupulurik lau mila etxebizitza berri aurreikusteko, bai 4.000, non eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik hiru lurralderi dagokienez, dokumentu guztietan, trinkoki populatuenetakotzat ageri den leku batean. Ekipamenduei dagokienez, portzentajea eraikitakoaren %10ean kokatzen dute, eta hirugarren sektoreko azaleretarako destinatzen diren eremuek duten pisu proportzionala hain da handia ezen ez baitiete aukerarik uzten gainbehera ekonomikoari buelta eman ahal izateko garrantzizkoak izan daitezkeen ekonomia berriei.
Hirigintza, gizarte eta ekonomia aldetik biziberritzearen aldeko apustu garbia egin beharrean, muzin, urteetan aitzakia horrekin engainatuak eduki ondoren. Diotena ezin egon liteke errealitatetik urrunago. Pasaitarrok oso ongi dakigu zer nahi duten.
Egunotan egiten ari diren ekitaldiekin benetan egin nahi dutena beste hau da: lurzorua espekulatzeko eta etekina ateratzeko baliatu, hartara lobby ekonomiko eta energetikoen interesei erantzuten dien azpiegitura finantzatzeko. Garbi gelditzen da beraz nork mugitzen dituen hariak: benetako botereak, kapitalak.
EAJk eta PSEk, botere ekonomiko horren zerbitzari leialak direnek, ez dute alternatibarik. Ezker abertzaleak bere lanarekin eta lorpenekin erakutsi du herriaren partaidetza eraikitzea eta artikulatzea lor litekeela. Jakin izan dugu ezarrita dagoen botere instituzionaletik hainbat tresna egituratzen, inplikatutako subjektuak batera eta elkarri eraginez jardun daitezen, eta jakin izan dugu halaber, egungo sistema sendotzeko baino balio ez duten eredu paternalistak eta populistak saihesten.
Garbi utzi nahi dugu Pasaia ez dagoela salgai. Pasaia ez da saltzen, EAJ eta Espainiaren arteko aurrekontu hitzarmeneko puntuetako bat izaten jarraitzen badu ere. Pasaiako herritarrek lortu dute oso diru gutxirekin eta beren aldetik asko jarrita La Herrerarako Hirigintza Antolamendurako proposamen bat gauzatzea. Proposamen horixe da bakarra adostasunean eraiki dena, inolako bazterketarik gabe. Herritarren proposamen baliozkoa. Herritik sortua, lan ona eta duina eginez, irmotasunez eta argudioak erabiliz zein eredu eraiki definitzeko. Pasaian bizi eta lan egiten duten herritarren beharretan oinarritua dago, eredu iraunkorra da, bestelakoen interesentzat batere onura ekonomikorik lortu nahi ez duena. Duda izpirik gabe geure egiten dugun eredua da.
Azken emaitza gu guztion gain dago: proposamen hori errespetatua izango dela bermatzea izapidetzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko tresnak lortuz, gutako bakoitzarentzat, eta aldi berean, guztiontzat, erronka da. Pasaiako ezker abertzaleko pertsonentzat konpromiso serioa da; jada geure egina dugu, eta azkeneraino borrokatzeko prest gaude. Jarraituko dugu benetako alternatibaren aldeko lanean, besoz beso, elkarlanean, esparru sozial, sindikal eta politikotik, erabakitzeko subjektua eta esparrua errespetarazteko, hain justu zertarako eta zein helburu eta premien zerbitzuan antolatu behar dugun gure lurraldea zehaztuz joateko.
Pasaiako herritarrok Auzolan handi bat jarri dugu abian, haren zati gara, etorkizun duina izateko eskubidea defendatu dezagun, erabili dezagun, gure nortasun zeinuak zainduko dituen lurralde bat, Euskal Herria eratuz. Garatu dezagun estrategia bat erdigunean herritarren premia eta interesak izango dituena, eta ez egungo esparru juridiko-politiko agortua. Astakeria espekulatibo honi esan diezaiogun ezetz, beste helbururik ez baitu betikoek betiko moduan patrikak betetzen jarraitzea baino, gure osasun eta bizi kalitatearen kaltean.
Pasaia, irabaztea erabaki duen herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu