Argitaratu berri da PISA 2009 Txostena, eskola-errendimendua irakurketan, matematikan eta zientzietan neurtzen duen proba. OCDEko 45 naziotako 15 urteko ikasleek (DBHko 4. kurtsoa) hartzen dute parte. Espainiako Estatuan, 14 autonomiatako ikasleak dira aztergai.
Emaitzek agerian uzten dute Euskadi, aztertu diren gainerako nazio guztietako batezbestekoarekiko, ondo kokatzen dela irakurketan, oso ondo matematikan eta erdi parean zientzietan. Euskadiko emaitzak beti daude Espainiako batezbestekoaren gainetik. 2006ko eta 2009ko emaitzak alderatuta, ikus daiteke irakurketan eta matematikan nabarmen hobetu dela (487tik 494ra eta 501etik 510era, hurrenez hurren), eta zientzietan puntuazio bera atera dutela (495). Horiek dira, laburbilduta, PISA 2009 Txostenaren ondorio nagusiak. Halere, guztiz interesgarria iruditzen zait Lopezen gobernutik eman diren eta egin diren interpretazio batzuk aztertzea.
2009ko maiatza. PISA Txostenerako probak 2009ko apirilean eta maiatzean egin ziren. Hau da, emaitzek, onerako zein txarrerako, Ibarretxeren gobernu aldian trebatu ziren ikasleen egoera neurtzen dute; hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan baitziren eta urte bereko maiatzaren 7an izendatu baitzuten Lopez lehendakari, hain zuzen ere gure ikasleak aztertzen ari ziren garai berean. Horregatik da bitxia eta arraroa oraingo Hezkuntza Sailak emaitzak aurkeztean euren kudeaketaren fruitu gisa aztertzea, aurreko arduradunak ezertarako aipatu ere egin gabe.
«Euskadiko hezkuntzaren orientazioa bikaina da», diote Hezkuntza Sailekoek, txostenaren datuak ezagutu ondoren. Bada hori aitortzeko arrazoirik, baina harrigarria da hori entzutea 2009ko azaroan «hezkuntza adoktrinamentutik askatu» behar zutela defendatzen eta «irakaskuntza sektarioa eta murriztailea» salatzen zutenen ahotik.
Ikasleen %85ek proba gaztelaniaz egin zuten. PISA 2009 Txostenean, 2006koan bezala, DBH 4. kurtsoko ikasle gehienak B eta D ereduetan eskolatzen badira ere, ikasleen %85ek gaztelaniaz egin zuten proba, eta ikasleen %15ek bakarrik euskaraz. Aukera hori, seguruenera ere, izan zen, irakaskuntza elebidunean ikasten 12 urte igaro ondoren, ikasle euskaldunek ondoen menderatzen duten hizkuntza gaztelania delako. Gaztelaniaz beste autonomia erkidego askotako ikasleek baino emaitza hobeak lortu dituzte hemengoek; sailkapenean buruan daude, Asturiaskoen, Kantabriakoen eta Espainiako batezbestekoaren gainetik. Oraindik proba gehiago behar dira al euskararen egoera prekarioa egiaztatzeko eta gaztelania ez dagoela arriskuan frogatzeko?
«Sistema elebidunak zientziei denbora kentzen die», ondorioztatzen dute Hezkuntza Sailean. Teoria bitxi hori behin eta berriro azalarazten dute, Euskara ikasteak kostua duela esanez. Familientzako oharra dirudi: «Zuek ikusi, baina Euskaraz ikasten badu, horrek prezioa dauka». Ildo beretik, 2009ko irailean, Hezkuntza Sailean zioten, Magisnet aldizkarian: «Nabaria da dena egokitu behar dugula eta euskarak bere tokia betetzen duela». Baieztapen bitxi horren oinarria ez dago, inolaz, PISA 2009 Txostenean, ezta beste inongo ikerketetan ere.
«Nondik atera denbora zientziei eskaintzen zaizkien orduak areagotzeko?». Hezkuntza Sailean kezkatuta daude horrekin. Halere, ingelesari eskainitako orduak areagotu dituzte. Elebitasunak zientziei denbora kentzen badie, hiru hizkuntzatan ikasteak, ingelesari ordu gehiago eskainita, gauzak are eta zailago jarriko ditu. Nondik atera denbora zientziei eskaintzeko? Ingelesetik, adibidez. Ingeles gutxiago eta euskara eta zientzia gehiago.
Ikasle etorkinen etekinaren aldea. Oharkabean pasatu da, eta komunikabideetan islarik izan ez duen alderdi bat jatorrizko ikasleriaren eta ikasleria etorkinaren artean puntuazioan dagoen aldea da. Gai korapilatsu honetan aitortu beharra dago gauzak gaizki egiten ari direla, aztertu diren nazio gehienetan bezala. Adibide bat jartze aldera, PISA 2009 Txostenean agertzen diren OCDEko nazioetan, jatorrizkoen eta etorkinen artean irakurketan dagoen aldea 43koa da, autoktonoen alde. Bada, Espainiako batez bestekoa 56 puntukoa da eta Euskadikoa 71 puntukoa da, betiere autoktonoen aldekoa. Beraz, beste herrialde batzuetatik datorren ikasleria gehien diskriminatzen dituztenen artean gaude. Eta arazoa ez da elebitasuna; izan ere, Errioxa eta Gaztela Leon gure gainetik daude. Gizartean integratzeko eta ikasketetan arrakasta izateko irakurketak duen garrantzian pentsatzen badugu, kontura gaitezke ikasleria etorkinarekin dugun arazoa handia, oso handia dela.
Laburbilduz, apaltasun handiagoa behar dugu Euskadiko hezkuntzaren inguruan dominak jartzeko garaian, eta zorrotzagoak izan, halaber, Euskadiko elebitasunari ardurak esleitzeko garaian zientzietan atera diren emaitzengatik.
PISA txostena Euskadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu