Porlanez inguraturik, landa, baratze eta soro eremuetatik urrun bizi garenok supermerkatuetan aurkitzen dugu eguneroko jana. Hirietako azoka zaharrak eraitsi eta frankizien saltoki bihurtuta, saihesbide, autobide, errepide-gerriko guztiek bidegurutze eta bide-korapiloetan hipermerkatuetan egiten dute topo. Erakunde publikoek kontsumo eta bizimodu eredu jakin bat bultzatzen dutela bistan da.
Halako batean, erakunde horietako bulego batetik datu batek ihes egin zien: erosketen %20-25 zaborra da, ontziak, kartoiak, plastikoa... Hau da, zaborra erosi eta ordaintzen dugu. Geroztik, zaborraren pilaketa arazo larria zela aitortuz, plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina bati ekin zioten.
Plastikoaren erabilera murrizte aldera, erosleok egin behar genuen ohitura aldaketa, etxera eramaten ditugun poltsak kutsadura arazo larriena omen ziren eta. Hedabide gehienetan eta telebista guztietan atzeko sotoan ezkutaturik ditugun zabortegien irudiak erakutsi zizkiguten. Kanpaina erraldoi bat egin zen, eta supermerkatu ezagunenek plastiko poltsak ez erabiltzeko neurriak hartu zituzten. Gure etxean ere, telebistan ikusitakoarengatik, mezuek hunkiturik, konpromisoa hartu, eta erosketetako orgatxo bat erosi genuen.
Asteroko erosketa egiten ari ginela, atzetik inor egon ez arren, beti presaz dabilen kutxazain batek animaturik, orgatxo berrian erositakoa arrapaladan sartzen ari ginelarik, zerbait gaizki zegoela susmatu genuen, erositako eta ordaindutako produkturen bat bertan, bigarren aldiz, ahaztuta utzi genuela ohartu baikinen.
Mindutako poltsikoak-edo esnatuko gintuen akaso eta plastikoaren aurkako kanpainan hobeto erreparatu genuen zer edo zer arraroa zegoela ikusi genuen. Honako panorama aurkitu genuen:
-Kanpaina hasi zenetik, zenbait supermerkatutan kutxazainek bezeroei ez diete produktuak poltsetan sartzen laguntzen. Modu horretan, lanaren zama zati berri bat bezeroari pasa diote. Aurrefabrikatutako altzarien kate ezagun batek egin ohi duen bezala, ala gasolindegiek eta bankuek gu bere doako langileak izatea lortu zuten moduan.
-Plastikoetako azpiletan bildutako produktuak gero eta ugariagoak dira, gero eta tentagarriagoak: napolitana gozoak, urdaiazpiko distiratsua, amuarraina garbia, haragi puska gorri-gorriak...
-Etxetik orgatxoa eramanez gero, zentimo bateko saria izango dugu, ahaztekotan, plastikoko poltsa 5 zentimotan salduko digute.
Nola edo hala eta orgatxo moñoñoa erosi bagenuen ere, plastikoaren aurkako kanpaina hasi zenetik, gure etxean plastiko gehiago pilatzen dugu. Zorionez, birziklatzeko ontzia atari ondoan dugu eta ez gara ito.
Eta hor dago koska, gure ikerketatxo domestikoaren arabera, kanpaina hau propaganda hutsa baino ez da izan. Benetan plastikoaren erabilera murrizteko beharrezkoak diren neurriak hartu ez direlako eta kontsumitzaileon errudun sentimendua erabili dutelako egin beharreko benetako aldaketa ekiditeko.
Mesedez, hitz hauek gaizki ez ulertu. Otoi, etxe guztietan eros dezagun orgatxo bat, bazter ditzagun ditxosozko poltsak, berrerabil eta birzikla dezagun. Auzolan emankorra da. Dena ezin dugu utzi erakundeen eskuetan; denok dugu ardura eta denok berreskuratu behar dugu gure denboraren eta gure bizitzaren kontrola. Baina ez diezagutela ziria sartu. Benetan plastiko gutxiago erabili nahi badute, plastikoaren industriarengana jo beharko dute, supermerkatu kate erraldoi horiengana jo beharko dute, elikagai aurrefabrikatuen industriatzarrarengana jo beharko dute. Bertan aurkitzen baita arazoaren iturburua eta bertan arautu behar da plastikozko mendiak Urbasaren parera hel ez daitezen.
Plastikoa, erosketetako poltsa, auzolana eta publizitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu