Sarrera itsusi asko egiten dute eta joko oso eskasa erakusten; baina bost axola, helburu bakarra irabaztea da-eta. Beldur handia diote aurkarien jokoari, eta ez daude prest galtzeko.
Horregatik dituzte preso jokalari titular batzuk; horregatik dituzte isilik harmailetan beste batzuk. Badakite, oso ondo gainera, zer-nolako lana egin duten eta zer nolako lana egin dezaketen egoera baretuz gero. Badakite egoera berean egonda aurkariak askoz hobeto moldatzen direla zelaian, jokoa askoz erasokorra egingo dutela, eta hori ezin dute onartu, inondik inora.
Horregatik komeni zaie ikusleen artean iskanbilak sortzea, jokoa gogortzea, trikimailuak asmatzea; horrela, beraien gabeziak ezkutatu eta betiko joko eskasera ohitzea baino ez dugu egin behar.
Taktika oso ona omen da nor bere gustuko baloiarekin jokatzea, nor bere etxean jokatzea, aurkariari inolako aukerarik ez ematea. Horretarako, oso trebeak dira. Gainera, horretarako dute arbitroa alde eta gola nonahi eta noiznahi oihukatzeko debalde.
Azken finean, zer da politika, nola edo hala irabaztea ez bada.
Juan Luis Mugertza. Berango.
Manifestazioak manifestazio
Aurreko eguneko manifestazioan egon nintzen, manifestazioen debekuaren kontrakoan, giza eskubide, eskubide zibil eta politikoen aldekoan, inongo inposiziorik eta inongo indarkeriarik aldarrikatu zuen horretan.Egia da, amaieran entzundakoaren ostean, hainbat irakurketa egon daitezkeela. Badago jendea hasierako lelotik urrun ikusi zuena manifestazioa bera, badago jendea han plazaratutakoarekin bat egin eta pozik sentitu zena.
Osasungarria da kritika egitea, bidea denon artean marraztu beharko dugu eta. Egon zen kritika zintzorik, horiek ezinbestekoak izango dira. Baina bestelako kritikak ere egon dira. Kritikak ez lirateke interesatuak izan behar, ez lirateke «argazkitik kanpo» gelditzeko beldurrez eragindakoak izan behar, ez lirateke alderdi interesek sortutakoak izan behar. Askozharatago doa kolokan dagoena.
Larunbat horretan, egon zen alde ederrik.Orduan eta egunotan nabarmen geratu da gurean dauden errealitatearen pertzepzioak. Hori izango da gakoa, desberdintasun horiek lotzen duena jagotea, ematen diren aurrerapausoak indartu eta prozesuan agertuko diren bultzadei laguntzea, gaitasun kritikoa galdu gabe betiere.
Ez da erraza izango. Beldurrak, onartu egin beharko dira; botere nahiak, kontrolatu; dezepzioak, gainditu... eta ahal den guztietan argi izpiei leihoa zabaldu, barrukoak berotasun handia beharko du eta.
Kritikak kritika, manifestazioak manifestazio...
Isabel Canales Arrasate. Portugalete.
Bi banderak udaletxeko balkoian
Pozez ikusi dugu gehienok, eta baita normaltasun osoz ere, udaletxeko balkoian bandera Nafarra eta Ikurrina elkarren ondoan elkar besarkaturik bezala Sakanako Arbizun, noiz ospatzen zen Txistor Eguna, emanik bide batez aukera dastatzeko horko herriko produktu gustagarria eta ere erosteko zer edo zer etxerako.Noiz ikusiko ahal dugu berdin Nafarroa Okzidentalean (Vascongadak eta Errioxa, ahaztu gabe Nafarroa Orientala eta Nafarroa Atlantikoa) udaletako balkoietan bi banderok batera harmonian eta harmonikoki? Nolatsu egiten dute jada Eskozian, neuk neure begiz ikusia, direla jada urte batzuk.
Erramun Gerrikagoitia. Munitibar.