Gabonekin batera, 2010eko abenduaren 23an hain zuzen ere, Zigor Kodearen (ZK) orotariko aldaketa zabala eta sakona sartu zen indarrean (5/2010 Lege Organikoa). Eraldatutako alorren artean, nola ez, terrorismoaren gainekoa ere badugu, irakurleak imajina dezakeenez beste behin ere jarduera horiek areago (posible ote?) zigortzeko asmoz.
Laburbildu behar izatekotan lau puntu izan badira aldagai nagusiak: alegia, terrorismoaren beraren definizioa (1); terrorismoarekin elkarlanean jarduteak zer esan nahi duen (2); terrorismora probokatzea (4); eta zigor berri bat gehitzea: zaintzapeko askatasuna deitutakoa. Azter ditzagun laurok.
Terrorismoaren definizioa. Lehenengo aldiz «erakunde» terrorista eta «talde» terrorista ezberdintzen dira (571 art. ZK), biak berdin-berdin zigortu arren. Erakundea egonkorragoa da, egitura eta hierarkiaz osaturik, lan-banaketa kideen artean egiten dela; horren aldean, talde terrorista izateko, nahikoa da bi pertsona biltzea terrorismo-delituak egiteko asmoz, nahiz eta egitura egonkorrik, lan-banaketarik eta hierarkiarik egon ez. Terrorismoaren definizioa ikaragarri handitu da, hortaz; nazioarteko terrorismoaren jardunbidera (zelula terrorista izenekoetara) egokitzeko, dio legegileak. Asmoen gainetik, terrorismoaren definizioa zabalago egin da, epaileek azkenaldiotan egin ohi zuten interpretazio ezin zabalagoen ildotik. Talde terrorista bateko kidea izateko oinarri objektiboa (egitura, hierarkia, lan-banaketa, iraunkor jarduteko uzia…) ez da frogatu beharko, eta horrek «zulo beltz» handi bat sortzen du, gehiegikeriari bidea ireki ahal diona.
Elkarlanean aritzea. Orain arte terrorismoarekin jardutea zigortzen zen (576 art.), hala nola atentatuaren xedea izan daitezkeen leku zein pertsonei buruzko informazioa ematen zenean edo taldekideak ezkutatzean edo horiek leku batetik bestera eramatean. Jarduera argi horien alboan jurisprudentziak bestelakoak ere sartzen joan da, azken bi hamarkadetan batez ere. Gogora dezagun, adibide gisa, Ezker Abertzalearen alderdiak ETAren bideo bat ezagutzera eman zuenean Auzitegi Gorenak kondenatu zuela, hain zuzen ere, terrorismoarekin elkarlanean aritzeagatik. Konstituzio Auzitegiak (1999ko uztailak 20), ordea, kalera atera zuen Mahai Nazionala, horregatik zigortzea gehiegizkoa zelakoan. Oraingo honetan, hortaz, legegileak beste urrats bat egin du; izan ere, «elkarlantzat» ere hurrengo jarduerak joko baitira (576.3 art.): taldekide berrien trebakuntza, «kaptazioa» edota «adoktrinamendua» taldekide berrien bila. Terrorismoaren definizioan bezalaxe, jurisprudentziaren joera hedatzailea —eta urrunagokoa ere— lege bihurtu dute.
Terrorismora probokatzea. Aurrekoa gutxi balitz bezala, agian, lege-aldaketarik beldurgarriena probokazio figura berria dugu. Ez gara delitu jakin batera probokatzeaz ari (579.1 art.); ezta apologia delituari buruz ere (terrorismo ekintzak edota egileak goratzea, justifikatzea... 578 art.). Horren alboan, edozein terrorismo-delituren probokatze orokorra ere zigortzen da. Zer da hori, apologia ez dena? Nekez jakin daiteke zertarako erabili nahiko duten, baina adierazpen- edo ideologia-askatasunetan bete-betean sar daitekeen beste xedapen penal bat dugu. Esaterako, presoen aldeko «txalo zaparrada» eskatzearen kasua Auzitegi Nazionalak azkenik apologiatik at utzi zuen, zigortu barik. Hori izango al litzateke, orain, probokazio orokorra?
Zigor berria. Presoak kondena beteta kalera ateratzeko orduan polemika ugari izan dira; batez ere, 90eko hamarkadatik aurrera. Gogora dezagun, adibide lazgarri gisa, Parot izeneko doktrina, zigor penalen atzera eragina izateko debekuaren aurka argi eta garbi jo arren oraindik ere indarrean duguna. Edota zigor betetze «efektibo eta oso-osokoa», terrorismoagatiko presoentzat hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna erabilezin bilakatu dituena, zigorra egiatan ia behin betiko presoaldi bihurtuz. Hori gutxi ez denez gero, antza, orain terrorismo-delituekin batera, presoaldiaz gain, espetxetik atera eta zaintzapeko askatasuna ezartzen da (579.3 art.). Hau da, kalera irten arren, hainbat obligazio ezarri ahal izango zaizkio (leku batean bizi izateko dekekua, epailearen aurrera azaltzeko obligazioa…), bete ezean berriro ere espetxera bihurtuko dutenak. Teknikoki ez da «zigor» bat, baina praktikan oso kontrol sendo eta astuna ezartzeko aukera ematen du eta preso izandakoaren bizitza guztiz baldintza lezake.
Balorazioa. Delituzko jarduera gehiago eta zigor gehiago. Eta dena nazioarteko terrorismoa pertsegitzeko aitzakiaz, baina, zalantzarik gabe, barneko terrorismoa (ETArena, alegia) ere «sarean» eror dadin. Dena dela, ETAren terrorismoa bukatzen ari bada, ikusteko dago horren aurka borroka egiteko sortua izan den tresneria hau guztia zertan geldituko den eta zein izango ote den haren etorkizuna.
Eta, etorkizuna asmatzen inoiz erraza ez denez gero, buka dezagun bi pronostiko posible aztertzen. Bata, ETA desagerturik terrorismoaren aurkako legeria (alderdien legea ere barne) desagertu beharrean, ordenamendu juridikoan behin betiko mantendu nahi izango dutena. Hipotesi hau, ezkorra, litekeena da, izan ere terrorismo-legeak funtzionalak baitira Estatuak delitugintza forma berriei aurre egiteko orduan: ETAren aurkako borrokaren «jaraunspena» bermerik gabeko tresna juridiko sorta izango litzateke, hortaz, beste esparruetan erabiltzeko prest. Bada, ordea, beste hipotesi bat, baikorra bezain aurreikusezina: alegia, euskal gizarteak behar duen adiskidetzeko bidean terrorismo-legeria salbuespenezkoa indargabetzen joatearena. Lege-aldaketak salbuespenezko neurriak ezereztu beharko lituzke. Legea borrokarako erabili den bezala, zuzenbide penal sinboliko gisa, erabil dezagun hori ere bake-tresna gisa. Badakit amets egiten egon banagoela, baina hori ez dago debekaturik, ezta?
Terrorismo lege berria eta aro berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu