Nazioarteko Amnistia erakundeak 1984. urtean tortura desagerrarazteko 12 puntuak eta Espainian torturaren praktikari buruzko txostena argitaratu zituenetik 26 urte igaro dira. Denbora-tarte honetan, ukatzea izan da Espainiako Gobernuak tortura eta tratu txarren salaketen aurrean eman duen erantzuna, salatu dutenak akusatu ez dituenean. Azken hamarkadan, ukatze sistematiko honi ETAren ustezko aginpidea gehitu zaio. Hala ere, azken urteotako salaketa gehienak ez dira ETAko kideek jarritakoak, ondoren aske utzi dituzten pertsonenak baizik; eta Frantzian ez da salaketarik egon.
Maiztasun ezberdinez ematen dira kasuak, eta bereziki berme judizialek eraginkortasunez funtzionatzen ez duten testuinguruetan: horien artean, komunikaziorik gabeko erregimenean, kamerak bezalako protokolo bereziak aplikatzen ez direnean eta auzitegiko medikuek eta abokatuek eraginkortasunez esku hartzen ez dutenean; edo etorkinen atxiloketa askotan, horietan txikiagoak baitira bermeak.
Zigorgabetasuna ez da bakarrik justiziarik eza, baita ikerketa falta, laguntza falta edo honelako praktikak desagerrarazteko borondate politikorik eza ere. Horra hor, horren adibide, tortura salaketei ahalik eta garrantzirik txikiena ematen ahalegintzen direnean, duten larritasuna edo existentzia hutsa txikiagotuz. Eta hori ere bereziki «gogortzat» jotako atxiloketetan gertatzen da, nahiz eta atxilotuen (Portu eta Sarasolaren kasua, esaterako) egoera fisiko eta mentalari buruzko auzitegiko mediku-txostenek tratu txarrak begien bistakoak direla adierazi, praktika horren aurrean sentsibilizaziorik ez izateko joera gogorrari eutsiz. ETAren indarkeriaren inpaktu izugarriak, hildakoak, zaurituak eta mehatxatuak barne, ezin ditu Estatuak tortura kasuak prebenitu eta ikertzeko duen betebeharra eta giza eskubideak errespetatzeko gizabidezko kontzientzia saihestu.
Ez da fede arazoa. Salaketak daudenean, ikertzeaz gain, atxiloketaren bermeak eraginkortasunez kontrolatu behar dira, kasuak egiaztatu edo baztertzeko. Ezin da argudiatu ikerketa horrek Estatutako Segurtasun Indarren izena orbanduko lukeela esanez. Orbana ikerketa gabezia da.
Azken urteotan aldatu egin da tortura kasuen maiztasuna. Baina txosten batek baino gehiagok adierazten du desagertu, ez dela desagertu, eta ez dela ezohikoa. Bere horretan eta inolako aldaketarik gabe mantendu dena ukatzeko jarrera izan da, baita kasu anitz argitu ez izana.
Gainera, gaur egun, artean, trafiko-istripuen irizpideen arabera ezartzen da kalte-ordain judizialaren baremoa. Eta biktima hauei ez zaie inolako aintzatespen edo ordain moralik eman.
Motibazio politikoa duen indarkeriari dagokionez, giza eskubideen urraketen «beste biktima» batzuen gaineko txosten zehatz eta zorrotza eskatu zion 2007ko urriko Terrorismoaren Biktimei buruzko Bilkura Monografikoak Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari. 2008ko ekainean aurkeztutako txosten hori, beste eranskin batez eguneratu eta osatu zen, hots: «Tortura: hurbilketa zientifiko bat», mendekotasunik gabeko auzitegiko mediku-talde batek egina. Azterlan horretan, 2000-2008ko epealdian komunikaziorik gabeko erregimenean burututako 900 atxiloketa baino gehiagori buruzko datuak, tratu txarrak edo torturak jasan izana salatu zuten pertsonen idatzizko 300 testigantza inguru (epailearen aurreko salaketak), auzitegiko medikuen 500 txosten baino gehiago eta Auzitegi Nazionaleko Instrukziozko Epaitegiaren aurrean egindako 200 bat deklarazio judizial aztertu ziren. Azterketa-metodo berritzaile hau informazio guztiaren filtrazioa egitean oinarritu zen, koherentzia eta fidagarritasun maila aztertuz. Torturak jasan dituztela diotenak gezurretan aritzekotan, iturri ezberdinen -salaketan diotena, auzitegiko medikuek diotena, epaileek jaso dutena...- azterketak detektatu egingo luke, azkenean, iruzurra. Azterlan honetako datuek polizia-taldeen ustezko jarduera «eredu» desberdinak adierazten dituzte. Adibidez, polizia-talde bakoitzaren eredu ezberdinak islatzen dituzte tratu txarrak ematerakoan, gogorrenak Guardia Zibilaren menpeko komunikaziorik gabeko kasuak izanik, eta areago komunikaziorik ezaren luzapena denean. Atxilotuak emakumezkoak edo gizonezkoak izaten direnaren arabera, salatutako tortura metodoak ere modu koherentean aldatzen dira, baita egon dauden prebentzio-protokoloen aplikazioa gorabehera ere -horrenbestez, Garzonen protokoloa aplikatu den kasuetan tortura salaketarik ia ez dagoela ondorioztatu da, eta gauza bera gertatzen da Ertzaintzaren epealdi jakin batzuetako atxiloketetan ere-.
Torturaren kasuan hotsa dario isiltasunari. Aspaldi-aspaldidanik. Botere publikoek ezin dute arazo hau tabu bihurtu. Aurrea hartzeari dagokionez, eraginkorrak diren esku-hartze protokoloak betetzen direla bermatu behar da. Torturaren aurkako Nazioarteko Itunaren Protokolo Fakultatiboak ezarritako aparteko ikerketa-mekanismoa hor dago, egun, oraindik ere, hainbat urteren ondoren, behar bezala egituratu eta garatzeko zain. Ikertu ez diren eta zigorrik gabe gelditu diren iraganeko kasuen inguruan aparteko ebaluazio-mekanismoa sortu beharko litzateke, biktimak aitortu eta kasuak zorroztasunez ebaluatzearen alde egin dezan. Eusko Jaurlaritzak urrezko aukera du, «beste biktimei» buruzko txostenean, ildo honetatik aurrera egin ahal izateko eta tortura eta tratu txarren biktimak historiaren bide-bazterrean berriro gera ez daitezen.
Tortura: ikerketa eta prebentzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu