Txioka Haur Ikastolako kaleratzeei buruz

Maite Larrea
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Txioka Haur Ikastolan kaleratzeak izan eta gero, langile ohiak garenok, nola sentiarazi gaituzten eta zein bizipen izan ditugun esatera behartuta sentitzen gara.

Trataera negargarria jasan behar izan dugu. Mehatxu gutunak, beldurrarazteko ekintzak eta gogorkeria jasan behar izan dugu. «Niregatik izango balitz, kalera joango zinatekete», «ez zaigu axola baldin eta bazoazte; haurrak zuetaz bi egunetan ahaztuko dira, eta gurasoak beste bitan». Sekulako diskriminazioa jasan behar izan dugu, gure ezinegon profesionalaren inguruan ez da inolako interesik egon, ez da gure lana aintzat hartu, eta, noski, gure iritzia ez da ezertarako kontuan hartu; taldean lan egitea, hori da... taldean. Batzuk baldintzarik gabe babesten dituzue, eta beste batzuk inolako begiespenik gabe zapaltzen gaituzue.

Lan hitzarmena ez betetzea, aparteko orduak betetzera behartuta, bestela... ez zaude ikastolako proiektuarekin ados. Egoera ikusita, hauteskunde sindikaletara aurkeztea erabaki genuen. Hauteskundeak boikotatzen eta prozesua zailtzen saiatu eta gero, langileen %100en babesa jaso zuen zerrenda aurkeztu zen. Hainbat alditan hitz egiteko mahai bat osatzen saiatu ginen. Inor ez zen langileekin hitz egitera eseri.

Sekzio sindikaletik, errebindikazio taula bat helarazi zitzaion enpresari, soldaten aipamenik gabe, oinarrizko eskubideak soilik.

Aldi berean, hainbat ekimen proposatu ziren greba deialdi batekin batera, nahiz eta hasiera batean greban parte ez hartzeko prest geunden, betiere, hitz egitera esertzeko prest egotekotan. Ez zen horrela gertatu, hortaz, gehiengoa grebara atera ginen.

Irregulartasunak, faboritismoak eta interes gatazkak egon badaude eta onartu dira. Urriko absentismoa ere leporatzen zaigu, orduko huts-egite guztiak behar bezala justifikatuta egon arren. Zergatik hau?

Txiokako langile ohien gehiengoa ikastolako alabak gara, militantzia mamitu dugu, badakigu ikastola zer den, bertako zailtasun ekonomikoak... Badakigu egoera ez dela erraza, baina hori ez da horrela tratatzeko aitzakia. Ikastola gure barrenean sentitzen dugu, egun bertan daudenak bezainbeste.

2009ko irailetik kurtso honen bukaera arte ikastetxetik 18 pertsona pasa dira bost hezitzaile lanpostutarako, batzuetan, legeak exijitzen duen titulaziorik gabe. Horren profesional txarrak gara? Gertakizun horrek hausnarketa bat merezi duela uste dugu.

Enpresa hori ez da hainbat gertakizunekin kontsekuentea izan, eta juntakide batzuen aldetik, informazio asko isilean gordez, langile batzuk kaleratzea erabaki zuten, «haize berri bat eman nahi diogu, baina nahi izanez gero, aurkeztu zaitez berriro, eta pentsatuko dugu hartzen zaitugun edo ez» esanez. Hori izan bada kaleratzearen arrazoia, plantilla osoa kaleratua izango zen eta ez batzuk bakarrik.

Hau aitzakia bat bakarrik izan da langile gogaikarriez desegiteko eta zeharka, atzetik datozen langileei ohartarazteko. Bidegabeko kaleratzea izan dela onartu dute eta txeke bat mahai gainean jarriz... «bejon dagizula».

Haize berria, ez da horrela izango, hori ez baita arazoa. Aipatu gabeko gauza asko dira. Etsita gaude, ikastola barrenean sentitzen baitugu, eta bidegabekeriaz tratatu gaituztela iruditzen zaigu. Soilik lanera joan gara eta lan hitzarmena betearaztea exijitu dugu, bere osotasunean eta ez komeni dena bakarrik. Besterik gabe.

Maite Larrea. Txioka Haur Ikastolako langile batzuen izenean.

Internazionalismoaren teorema: 11 - 6 = 11

Kaixo, kamaradak,

Zelan zabiltzate hainbeste kilometrotara?

Badakizue gaur Internazionalista Eguna ospatzen ari garela Ziortza-Bolibar eta Gernika-Lumon. Egia esateko, Askapenak 23 urte hauetan ospatu duen gazi-gozoena da aurtengoa. Gazia, euskal internazionalista guztiak ez gaudelako bertan. Gozoa, guztiak gaudelako presente. Eta nola den hori posible? Matematikek huts egiten ez dutelako: hamaika ken sei berdin hamaika.

Hona hemen azalpena: milaka iraultzaile izan dira historian eta munduan zehar errepresaliatuak, erailak, desagerraraziak. Gure herrian jakin badakigu zeintzuk diren zapaltzaileen mekanismo krudelak, herrien ahotsak isilarazteko helburuarekin erabiltzen dituztenak. Milaka dira txoko guztietan preso dauzkaten lagunak, borrokalariak, euskal herritarrak, palestinarrak, maputxeak, kolonbiarrak, korsikarrak, kurduak... guztiak aldaketaren alde jarduteagatik, oligarkien, inperioen eta kapitalaren interesak kolokan jarriko dituen eredu baten aldarrikapenean eta eraikuntzan lan egiteagatik.

Baina ekuazioan akats bat agertu zaie, kenketa izan beharrean batuketa bihurtu da. Askatasuna lapurtzen diguten bakoitzean, kide baten bahiketa bakoitzarekin askatasun grina murriztu beharrean handiago bihurtzen baita. Borrokan jarraitzeko gogo gehiago baitugu, indar gehiago eta arrazoi gehiago. Amorruak gure indarra elikatzen duen bitartean maitasunak gure konbikzioa sustraitzen du. Orduan gertatzen da batuketa, gehiago daukagunean lortzeko eta irabazteko, gutxiago galtzeko, ilusioa, nahia eta beharrak askatasunaren bidean kokatzen gaituelako.

Gaur Gernikan Unai, Walter, David, Gabi, Haritz eta Uberka ez bazaudete etsaiak espainiar eta frantziar espetxeetan bahituta zauzkatelako da.Baina etsaiak ikasi eta ikusten ez duena zera da, zuek seion hutsune fisikoak ez duela kentzen zuen ametsak, utopiak eta egindako lanaren fruituak bertan islatzea. Zuenak eta betiko internazionalistenak, iraultzaileenak, errepresaliatuenak eta borrokan eroritakoenak, Begoñarenak edo Pakitorenak.

Zuon presentzia herriekin eta herriarekin batera, askatasun nahiarekin, lagun eta senide bakoitzean eta zuokin esperientziak konpartitzeko aukera izan dugun gutako bakoitzean dago orain. Kaiola ilunetatik ere argitzen baituzue gaurko egun grisa, irribarre bakar batekin, hortzak erakusten.

Askapena taldeko kideak.

ZUZENKETA: Atzoko BERRIAko 3. orrian huts bat dago: Jose Antonio Primo de Rivera ez zen izan Espainiako diktadorea, Falangeko buruzagia baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.