Ur tanta bat basamortuan
Seaskari ia hiru milioi euroko diru laguntza emango dio Paueko Kontseilu Nagusiak 2011n: 1,5 milioi Kanboko egoitza egiteko, eta 1,3 milioi Xalbador kolegioa eraikitzeko. Laguntza ongi etorriko zaio Seaskari, zalantzarik gabe, oso gutxirekin ohituta dagoenarentzat pixka bat ezer ez baino gehiago delako. Harrigarria bada ere, Falloux legeak galarazi egiten die administrazioei ikastetxe pribatuei laguntzea, eta horrek traba egiten die Seaskari han eta hemen diruz lagundu nahi dioten herriko etxeei. Kasu honetan legea ez da gaindiezinezko traba izan, baina benetako irtenbidea ez da unean uneko laguntza txiki batzuk ematea, baizik eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortzea, ama eskolatik unibertsitatera. Horretarako, baina, Falloux legea eta antzeko oztopoak ezabatzetik harago joan beharra dago.Hain zuzen ere, hizkuntza gutxituei aitortza eta ofizialtasuna zor dizkiete Frantziako eta Ipar Euskal Herriko administrazioek. Hiltzeko arrisku larrian den hizkuntzarentzat gutxienekoa da hori, egoera benetan aldatzeko borondatea badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu