Oraindik gogoan dugu EAJren azken ekitaldia Viktoria Eugenian, Batu gaitezen lelopean (H1 baztertuz); gogoan ditugu Joseba Egibar jaunaren hitzak eta hainbat egunkaritara bidalitako idatzietan esandakoak. Nola PSOE eta PP salatu dituen Alderdien Legea beren mesedetanerabiltzeagatik zuei lehendakaritza kentzeko... Orain zer egin behar duzu, jo eta ke (humo) errauste plantaren alde, hori ere herriaren borondatea errespetatuz? Zeren jakin ere jakingo duzu, Astigarragan azkenaldian egon diren mobilizazio handienak errauste plantaren kontrakoak izan direla, ezta?
Astigarragatik San Markora eta errauste plantaren alde; altxa porru!. Egia esan, Astigarragan ere alkateorde zara, «demokrazia azken muturrera» eraman duzulako, Foru Aldundian batzarkide zaren bezala. PSOEk eta PPk Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuan egin duten berbera egin duzulako, Astigarragako lehen indarra erabat baztertu duzulako, Batu gaitezen-etik urruti, beraz. Barkatu, Lizartzan ere, oker ez bagaude, «demokrazia azken muturrera» eraman ondoren izan zinen zinegotzi.
Demokraziaren eredutzat hartuko zaitugu, beraz, eta udalbatzarrari proposatuko diogu zure izenez bataiaturiko monumentu bat eraikitzea. Hori bai, material birziklatuekin.
Nola batu zaitezke EAEko lehendakaritza ostu dizun alderdi batekin? Edota hezkuntza munduan Astigarragari hutsaren hurrengoa ematen dion Isabel Zelaa anderearen alderdiarekin? Gau eroren batean xuxurlatu ahal zenion belarrira Juan Carlos Merinori: «Zu, lehendakari, eta ni, lehendakariorde; Batu gaitezen (ez gaitezen banandu)».
Horrelako jarrerak ikusita, zaila da batzea, txutxu-mutxuka hasi orduko adarrak jartzen. Hala eta guztiz ere, guk ez diogu inori aterik ixten (jakingo duzun bezala atez ate goaz), ezta lankidetzarako alboratzen, baldin eta eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzen baditu.
Joxi Uranga. Astigarragako Ezker Abertzaleko zinegotzi taldearen izenean.
Ereduak
Ormaiztegiko Udalak, beste bederatzi udaletxerekin batera, parte-hartze prozesua hasiko du. Prozesuaren helburua izango da herri hondakinak kudeatzeko dauden eredu ezberdinei buruz eztabaidatzea. Parte-hartze prozesua Kudeatuz programaren barruan dago. Herritarrentzako jardunaldiak izango dira, batez ere Gipuzkoan gaur egun dauden bi sistemen ingurukoak: a) hondakinak edukiontzietatik sailkatuta jasotzen dituena. b) Atez ateko bilketa. Jardunaldietan sistema bakoitzak dituen aukerei eta bideragarritasunei buruz eztabaidatuko dute. Eta Udalak duen web orrian ekarpenak egiteko aukera ere izango da.Europako Zuzendaritza Esparru berrira eta Estatuko legedira egokituta, Nafarroako Gobernuak martxan jarri zuen hondakinak kudeatzeko Plan Integrala. 2008ko urritik, eta 2009ko apirilean hitzaldi teknikoak antolatu zituzten, eta alderdi politikoek, gizarte-garapenerako agenteek eta talde ekologistek hartu zuten parte.
2010ean herrietan ikusgai jarri zen zirriborroa maiatzean onartu zen, eta ondoren, 2010eko irailaren 23an, Irurtzunen azken bilera informatiboa izan zela-eta, bukatutzat eman zuten informazio errondak.
Era berean, herritarrek informatzeko eta parte hartzeko prozesua jarri zuten martxan, eta interesa zuten pertsona, erakunde eta entitateek proposamenak egiteko aukera izan zuten, azken testua Parlamentura bidali baino lehen.
Espainiako Gobernuak erkidegoetako erakundeetan aurkeztu beharko du 2010a bukatu aurretik, eta ordurako Autonomia Erkidegoek hondakinen Plana egina eduki beharko dute, eta legedi berrira egokituta.
Gipuzkoak 1998ko PIGRUG ordezkatzen duen bere Plan 2010-2017 berria egin beharko du, Nafarroak egin duen bezala, eta besteek egin beharko duten bezala. Hala ere, Foru Aldundia isilpean ari da, herritarroi inongo aukera eman gabe, eta azaldu gabe zein izango den oinarrituko den eredua: betikoa edo diputatu nagusiak azken urte hautetan hainbeste aipatzen duen herritarren partaidetza Nafarroako ispiluari begiratuta.
Julen Lizaso Aldalur. Hernani.