Hitz beste

Askatasun osoz

Anjel Lertxundi.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
ETAren bukaera. Eta euskararen askatasuna. Ostera ere, biak lotu ditu Patxi Lopez lehendakariak, oraingoan Euskararen Aholku Batzorde berrituaren estreinako bilkuran: «Euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin». Gaztelaniak, ez. Ez dauka zertan. Gaztelania xaloa da, gaztelania dontzeila guztiz garbi makularik gabea da —nonbait— indarkeriaren aurrean.

Esaten ziguten hizkuntza batek ez daukala ez obligaziorik ez eskubiderik. Hiztunok garela eskubidedun, hiztunok erantzule. Aske edo esklabo. Baina jakin berri dugu laster ere laster euskara dontsuak bat egingo duela —behin betikoz!— askatasunarekin. Gaztelaniagatik ez zuen inork horrelakorik esan ezta faxismoaren urterik latzenetan ere, intelektual eraginkor gehien-gehienak hilda edo deserrian zeudenean: gaztelaniak ez zuen —eta ez du!— auzirik askatasunarekin.

Lehendakari jaunari adierazi nahi diot ez dudala ulertzen. Askatasun osoz. Euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.