Handik eta hemendik

Azken otordua

Imanol Murua Uria.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mundu guztiak jakin du Georgiako Estatuak Troy Davis hil duela, «errugabea naiz» esanez eman duela azken arnasa. Hain zuzen, Davis errudun ote zen zalantzan jar zitekeelako bultzatu du Amnesty Internationalek haren aldeko kanpaina mundu zabalean. Mundu guztiak ez daki, ordea, Troy Davisi bizia kendu zioten egun berean, asteazkenean, Lawrence R. Brewer exekutatu zutela Texasen; eta hurrengo egunean Derrick Mason hil zutela Alabaman. Sarean bila ibili behar da, albiste horien berri izateko. 1976an AEBetako Auzitegi Gorenak heriotza zigorraren debekua altxatu zuenetik, exekutatu dituzten 1.268., 1.269. eta 1.270. presoak izan dira, hurrenez hurren, Brewer, Davis eta Mason. Lasai, nekez izango dugu 1.271.aren eta hurrengo gehienen berri. Sistemak ondo funtzionatzea ez baita albiste.

Gallup etxearen iazko urriko inkestaren arabera, estatubatuarren %64 heriotza zigorraren alde daude. Euren presidentea, Bakearen Nobel saria 2009an, heriotza zigorraren alde dago. Bilatu YouTuben «Obama death penalty», eta aurrena agertzen den bideoan lehen esaldia hauxe da: «Uste dut heriotza zigorra egokia dela egoera batzuetan». Eskerrak: «Egoera batzuetan».

Eta hobe eremu politikoaren beste aldera askorik ez begiratzea. Rick Perry Texasko gobernadorea da, une honetan, Alderdi Errepublikarreko barne lehian faborito nagusia, datorren urtean Obamaren aurkari izateko. Gobernadore izan den 11 urteotan, 234 preso exekutatu dituzte Texasen; errekorra azkenaldiko gobernadoreen artean. Duela bi aste, lehendakarigai izan nahi duten hautagai errepublikarren arteko eztabaidan, 234 horietako bakarren bat errugabea izan ote zitekeen pentsatzeak loa kentzen al dion galdetu zion moderatzaileak. Bilatu YouYuben «Rick Perry death penalty Reagan library» eta klikatu aurreneko aukeran: gozatu erantzunarekin eta, batez ere, ikusleen txaloekin.

Heriotza zigorraren gorabehera guztiak ez dituzte, dena den, politikariek hain erraz irensten. Aste honetan hildutenetako batek, Brewerrek, azken otordurako eskubidea baliatu egin du.

Arauen arabera, exekutatu aurretik zer jan nahi duen aukera dezake kondenatuak. Ez da zuhurkeriatan galdu: bi oilasko xerra gravy saltsarekin eta tipula xerrekin; hanburgesahirukoitza, gazta eta hirugiharrarekin; txahal haragi, tomate, tipula, gazta eta jalapeño piperren tortilla; okra frijituak ketchuparekin; libra bat haragi barbakoan erreta; hiru fajita; pizza bat; pinta bat Blue Bell izozki; eta txokolate zati bat hurrekin. Dena prestatu zioten kartzelako sukaldean. Baina, injekzio hilgarrien atarian egote horrek apetitua kentzen baitu nonbait, probatu ere egin gabe utzi zuen dena. Azken otordua beharrean, azken adar jotzea.

John Whitmire senatari demokrata sutan jarri da, jakin duenean. Estatuko kartzelen erakundeko buruari hots egin dio eta gutun bat idatzi, azken otorduaren aukera kentzeko eskatuz. Kartzela erakundeko buruak erantzun dio ados daudela eta, horrenbestez, Brewer izan dela azken otorduko menua aukeratu duen azken kondenatua. Hemendik aurrera, gainerako presoen menu bera. Whitmire senatari kezkatuaren argudioa ezaguna egiten zaigu: «Berak ez zion sekula bere biktimari azken otorduaren aukerarik eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.