andoni egana
Plazatik

Bat bitan banatzen da

2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Kontu jakinekoa da gauzak ez direla ziren bezalakoak, gogoratzen ditugun gisakoak baizik. Horregatik otu zitzaion norbaiti pertsonaren egiazko aberria haurtzaroa dela esatea. Haurtzaroko kontuak baitira urrunak, eta urrutiramenduak oroimena lausotzen duenez, norbere neurrira molda baitaitezke orduko pasadizo eta sentimenduak. Eta zein aberri hoberik, geure neurrietara ekarritako hura baino, tokatuaren ordez, topatua.

Bestalde, zorionik balitz —zoriona zorionaren itxaron-gelan dagoela dioenik bada—, orekan datzala esango nuke. Geure buruaz dugun ustea eta besteen begietara garenaren arteko orekan. Bata eta bestea bat ez etortzetik letorke egungo profesionalei, endokrinoei, psikologoei, entrenatzaile pertsonalei, estetika zirujauei eta abarri egiten zaizkien bisitaldi sarriak.

Bi lehen ahapaldietako burutazioak atzoko BERRIAko Idurre Eskisabelen Egia zutabea irakutzeak sortu dizkit. Hala zioen hasieran: «Garai politiko berriak gatazkaren taularatze berriak eskatzen dituenez, ari gara pixkanaka-pixkanaka—haatik astiro— proba saioak egiten. Euskadi Irratiak, esaterako, aurrez aurre beharrean elkarren ondoan jarri ditu aste honetan Ramon Etxezarreta eta Pernando Barrena, jendaurrean solasean». Aurreraxeago: «…Eta giro horretan, ezinbestean, fetitxea hizpide: errelatoa, kontakizuna. Jendartera elkarrenganako begirunea ekartzeko tresna izan behar duela iritzi zion Barrenak, eta, horrenbestez, askoren eta desberdinen artean osatua beharko duela. Ildo bertsuan, ahots ugariz gertatutakoa kontatzeko deia Etxezarretak, baina esplikazioaren tentazioan erori gabe. Funtsean, norberaren bizipenetatik zintzo aritzekoa eta besteari entzutekoa».

Goizean goiz irakurri dut BERRIA, eta atentzioa eman dit Idurre Eskisabelen artikuluak, baina bere horretan geratuko zen handik pare bat ordura El Diario Vasco irakurri izan ez banu. Han, azken orrialdean, Ramon Etxezarretaren zutabea zetorren Dudoso izenburupean. Gazteleraz idatzia zegoen, eta euskarara ekarrita honelatsu hasten zen: «Beti geratzen zaizu dudaren bat ez ote duzun behar adinako osotasun eta duintasunez jokatu, ez ote duzun egoerak eskatzen zuen mailan erantzun. Norbere kontuak direnean ez du derrigor hainbesteko garrantzirik, baina beste batzuren gain eragina duenean, eta beste horiek ahotsik gabeak badira, itolarriak harrapatzen zaitu».

Ez nekien artean zeri buruz ari zen Ramon. Idurreren zutabeko azken hitzak honakoak dira: «Ez da abiaburu txarra bata zein bestea kontakizun orohartzailetik urruntzea, hots, Egia, absolutu miragarri hori, nahi izatetik. Izan ere, egiara hurbilduko bagara, egia osoaren jabe izateari utzi beharko diogu lehenik». Ramonek aurreraxego emango digu zeri buruz ari den arrastoren bat: «Duela gutxi borondate oneko berriketaldi bat izan nuen, lehen elkarrekin hitzik egiten ez genuenok iragana gainditu eta etorkizunaz mintzatu behar dugun honetan». Orduan lotu ditut zutabe bat eta bestea. Berriketaldi beraz ari dira seguraski Idurre eta Ramon, nahiz azken horrek ez duen inon datu zehatzik ematen.

Eta harritu egin naiz berriketaldi berak eta aldi berean bataren itxaropena eta bestearen zalantzak zenbat hauspotu dituen ohartzean. Ramonek hala baitio beste pasarte batean: «Ez xipo eta ez irain, orainean etsiak etorkizunean elkarbizi ahal izateko, entzun nuen nola nire berriketakideak nire iragan zirtzila —luzea baina ez hain urruna— aipatu zuen, argudiatuz huraxe tokatu zitzaidala. Ilupa edo politikoki polit, zertzeladatan ez sartzea hobetsi eta hizketan segi genuen. Neure buruak, bitartean, patuaren ideia hari kontra egiten zion. Egia da niri tokatu zitzaidala, bai, baina beste norbaitek niri tokatzea erabaki zuelako»:

Berriketaldi berak sorturiko sentimendu kontrajarri horiek eman didate zer pentsatua. Kontakizuna behar bada, eta behar dela uste dut, bizkor ibili beharko dugu. Bestela, belaunaldi batekoentzat munduaren zilbor dena bestekoentzat gutxieneko zerbait izango da, eta alderantziz. Artikuluska hau idazten ari naizela jabetu naiz gaur ekainaren 15a dela. Gure Historia txikian data esanguratsua. Krak egiten hasi ginen eguna. Gure belaunaldikoentzat behintzat bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.