Korridore luzearen erdian dagoen makinari 50 zentimoko bazka eman eta trukean eskainiko dion kafea hartzearekin batera hasten da lan-eguna, Argian ari den kazetariarentzat. Goitik hasi eta laugarren botoiari sakatzen dio beti, izenez capuccinoa eta izatez karburante merkea besterik ez denari. Falta zaizkion metroak zeharkatzeko adorea emango dio, hala ere. Gaur berandu dabil.
Makinak isurtzen duen zorrotada arreari erdi makurtuta begira ari zaiola, jendearen trosta entzun du handik honantz hurbiltzen. Erredakzioko tropela da, arratsaldeko ordu biak aldera Nirvana fasera heltzen diren erreportari saiatuak. Tripa zorriak isiltzera doaz denak batera, gertuen dagoen tabernako menuak zer misteriokimiko gordetzen dien ikertzera.
Gurutzatu direnean, diosala egin diote elkarri, konpromisozko bizpahiru hitz baino ez, taldeko berritsuenak ahoa zabaldu duen arte. Adarra jo gabe ezin baitu, kafe «toreroa» hartzen ari ote den galdetu dio trufaz. Honek ezetz, bazkal ostekoa duela, alegia postrekoa; goiza zeregin garrantzitsuetan eman eta gero, hamabi eta erdietan bapo jan eta gero heldu dela egunekokonpromisoa betetzera. Ez konturatzen,azalpenaz betiko topikoari bidea ematen arizitzaionik. Ez konturatzen, gaur ere, hemen ere, Hendaiara bizitzera joanez geroztiknazkatu arte entzun duen sententziazgaztigatuko zutenik.
«Ederki frantsestu zarete zuek!», bota dio airoso kontakatiluak, ilaran atzetik dihoazkion lankide gosetuen erritmoa moteldu araziz. Kafearen zaporea ere ozpindu dion zaflakoa hartuta, normalki egin ohi duena egitea pentsatu du lehen tximistakoan. Esan nahi baita, edalontzia ezpainetara eraman eta tuntunarena egin; bekainak goratzeaz eta beheititzeaz batera, irribarrea luzatu eta komentario erregionalistari isilik pasatzen utzi.
Ezin izan du, ordea. Gaur ez. Hemen ez. Zokor-mazo horren aurrean ez. Esne aparrak bibotean dituela, gaiaz aspalditxoan argitu nahi dituen egiak etorri zaizkio motroiloan akordura. Luzeegiak, ordea, goseak amorratuta joan badoan publikoari esplikatzen hasteko. Adrenalinak aztoratuta eta inkontinentziak jota, guztien erresumena atera zaiozapuzki:
—Et, et, et. Nik garai bateko ohiturei eusten diet. Eta bidenabar esanda, Frantzian ez ezik, Europako toki askotan egiten dira otorduak goiz. Izatez gero, zuek zarete arroztu direnak, seko espainoldu direnak eta konturatzen ez direnak; komisario politikoen antzean, gainera, besteei kontuak eskatzen aritzen direnak.
Arranopola. Lasaitu ederra hartu du barrenak hustuta. Gure lurraldea hiru zatitan urratzen duten indar zentrifugoen kontra fin eta tinko aritu dela iruditu zaio kafeinomanoari, zer pentsa eman duela. Nahiz eta, benetan, inguru osora barreiatu duen gauza bakarra, bere zakar fama izan.
Uda beteko (p)lana
Bazkal garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu