Gure ahizpa zaharrak ez dio ezer barkatzen: «Zer esan dizu medikuak?». Arnasa zenbat aldiz hartzen duen ere zenbatu egiten dio. Ni ez naiz zorrotza izaten harekin. Medikuarenera lagundu nion lehengoan eta esan nion lehengo aldean asko zaintzen duela bere burua. Egia da. Agian oraindik eta gehiago zaindu beharko luke, baina 80 urte betetzera doa. Zaintzeak esan nahi du bere bizio txikiak utzi behar dituela eta sekula ez ditu asko izan. Tristeziak ere hil egiten duela pentsatzen dut askotan, eta beste aldera begiratzen dut. Egin behar ez lituzkeen gauza asko egiten ditu: lan gehiegi ere bai. Hiru egun egon da geldi azken astean, eta hankako mina baretu zaionerako lanean hasi da. Inork eskatu gabe etorri da negutegira, baratzera, oilategira... Horretan ez diote hain kontrol esturik ezartzen: «Ahal duena egin dezala». Hori esaten digute: «Ahal duena egin dezala. Dena ezin zaio kolpean kendu». Orduan pentsatzen dut bere bizio txikiek ere ahal duen neurrian on egingo diotela.
Sufrimendua saihesteari ondo deritzat, baina bizitzako azken urteetan beti begira egotea ez dakit zenbat merezi duen. Gu gara hari edozein preziotan eusten diogunak. Bera lasai dago. Onartuta dauka ez dela betirako etorri. Oraindik aitari eutsi egin nahi diot, baina zalantzaz betetzen nau bizitzari edozein modutan eusteko daukagun tema honek.