Santu Guztien egunaren atarian gaude. Duela berrogei urte hein handi batean fededun eta gaur egun hein handi berean fedegabea den gizarte honek hildakoekikoan eutsi dio egoskorren liturgia premiari. Erlijiosoa ez bada ere, zeremoniari ez diogu uko egiten dela errauts-harrotze, dela eskela, dela agur-bilkura orotariko. Despedida itxurazkoa ez da nonbait itxurazko despedida soilik. Bertsolariok badakigu zerbait gai honetaz: Txirritari maitasun hautsiari bertsoak jartzeko eskatzen zioten bezala, orainantza, hori norberak egiten badaki, eta guri hilosteko esaldi eta agur-hitzetan laguntzeko eskatzen digute. Eta zailagoa da trapu zaharrak bistatzea baino oroiminari hitzak doi egokitzea. ( Bidenabar esanda, euskaldunok «hil» aditzaren formarekin badugu arazo konpongaitzen bat, umerik gehienek «hili» esaten baitute hizkuntza taxuz bereganatu arte, segur aski «ibili» , «bizi», « ikusi» eta gainerako aditzak lehenagotik egin dituztelako bere).
Hilostekoa arazo bada, handiagoa bihurtu zaigu hilaurrekoa. Aspalditxoko esaera da bizimoduan juxtu zebilen harena: «Kontua ez da hil ondoren bizitzarik badagoen, hil aurretik badagoen baizik». Orain, eta hemen, bizia luzatzea lortu duten honetan, bizia bizitzaz betetzean datza gakoa. Eta bistan denez, orain oraingoz ezinezkoa da hori, bizia luzatzera baino ez baikara iritsi. Inguruan gehientsuok ezagutuko zenuten «hiltzea ahaztuta» datzanen bat. Badakizue zenbaterainoko trastornoak sor ditzakeen. Konturatuko zineten zaintzaileak berak ere zenbat nozitzen duen eta nola bera ere gaixotu egiten den eta ia oharkabean, zahartu.
Aho txikiarekin eta begirada urrunarekin gauza asko esaten dira. Batek, autoaren bakardadean kontatuko dizu senide edadetu hari bihotzekoak eguerdian eman ordez gauerdian eman izan balio ia hobe zuketela familian, txori txiki bat bezala geratuko zela hilik, goxo-goxo ohean, inor konturatu gabe, baina eguerdian izan zuela nobedadea eta medikuek nola edo hala atera egin dutela aurrera eta orain han dagoela ez zerurako eta ez lurrerako, etzana, bere buruaren jabe ez dela tartekako argialdiren batzuk salbu, eta horrek inguruan gorabehera handiak sortzen dituela. Eta zuk, begirada urrunaz erantzungo diozu arrazoi duela, hark bizitzekoak bizi izan dituela jada, sufritu eta sufriarazi baino ez duela egingo aurrerantzean.
Baina ahoa zabaldu beharra ere tokatzen da batzuetan; begirada bertatik bertara laburtzea ere bai. Eta aho txikiarekin esan daitezkeenak aho zabalarekin esatea ez dago oraindik hain ongi ikusia. Eta begiradak berriz, urrutikoa izan ordez hurbilekoa bada, poza sumatzen du edozein barre txiki, buru-mugimendu edo keinurik nimiñoenean ere, eta itxaropena hauspotzen, jakin arren itxaron daitekeen bakarra luzamendua dela eta luzamenduaren buruan, heriotza.
Gainera, kasuistika oso da luze-zabala. Batzuk oso gazterik hasten dira besteren premia ezinbestekoa izaten. Beste batzuk, adinean oso aurrera. Batzuek esperantza izpiren bat izan dezakete. Beste batzuek ez dute inoiz hobeto egon daitezkeen arrastorik ere. Batzuk oso babesturik eta inguruan maiteak dituztela iristen dira azken urteetara; badira hainbesteko babesik eta hain maiteak ez direla heltzen direnak; beste batzuek bakardade gorria dute lagun bakar.
Bizi-esperantza asko luzatu den garaiotan heriotza-itxaropenaren luze-laburrera ere jokoan sartu da, bizi garen moduan bizita behintzat, batak ez baitu zentzurik bestearen faltan. Arazo baten aurrean gaude eta irtenbideren bat aurkitu beharko da. Euskorra izatea ongi dago. Egoskorra izatea ez. Medikuntzak berea egiten dihardu eta hala segitzea komeni da. Fedea, bakoitzak dauka berea. Giza-legea kontzeptu irristakorra iruditzen zait neurriak hartzeko garaian… Medikuntza, fede, giza-lege, gure eta ez gure, begirada hurbil eta urrutiko, aho txiki eta aho zabal, guztiak aintzat hartu ahal dela eta berdin ditzakeen bakarra, Legea da. «Hau ahal duzu» eta «beste hau ez» gu baino juxtuago eta jakitunagoa den norbaitek esateko zain gaude, muga horiek argi edukitzea baita modu bakarra intsumisiorako ere.
Legeak berdin gaitzala lurrak berdindu baino lehen!
Plazatik
Berdindu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu