Plazatik

Beroaren planak

andoni egana
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Adiskide baten kantuak ez dioen bezala, abendua da eta bero itzela egiten du.

Balkoian harrapatu dut egunsentia. Goizean goiz umeak eskolara doaz. Ez dira askok dioten bezain berandutu zaleak. Garaiz heldu dira ate itxiaren parera eta han geratu dira sartu aurretik txilioka, elkar xaxatuz, jolasean, umorez… ume. Uniformaturik daude ordea, eta ekialdeko begiak min hartu dit. Ume eta uniforme dira munduko errimarik uztargaitzenak. Nire hantustean, erruki punttu bat ere sortzen didate haur gizarajo/gajo horiek. Denak berdin jantzita eskolara joatera behartzea ankerra ere badela otu zait.

Eskolarako ez dut sekula uniformearen zamarik sentitu beharrik izan neuk. Aspalditxokoa naiz, baina ikastolakumea. Eta gaur goizean errukiz bezala, begiratu izan diet burlaizez eskolara uniformeaz joan beharra zeukatenei. Uniformea, jakina, lotura zen, eta aldiz, uniformerik eza, askatasuna. Oraindik ere berdin pentsatzen dut lehen kolpe batera, baina neure buruari ere dena zalantzan jartzeko abagunea sortzen dionez bero zapa honek, kilimaka hasi natzaie nire usterik errotuenei ere. Nor naiz ni inorena loturatzat hartu eta errukia sentitzeko? Hainbeste lotzen al du uniformeak? Askatasuna eta berdintasuna aldi berean eman ezin daitezkeenetan bietan zein hobetsi behar genuke? Ez dakit azken urteetan ezberdintasuna ez ote garen gehitxo sakralizatzen ari…

Euskaldunak gara eta ulertzekoa da gure nortasun irrika. Identitatea ezberdinduz sortzen da, bestea izateaz gain bestelakoa izanda. Askotan ordea, ezberdintasuna ez da axalkerian baino geratzen. Uniformeari burla egiten diogunak, geure askatasuna erabiltzeaz harro, nordfacetarrak, burberrystarrak, galtzapintzaduntarrak, niketarrak edo auskalo zer bihurtzen garen. Edo autobikaindunak, erdipurdikodunak edo deus ez. Aske, libre eta ezberdin izateagatik berdintasunari uko egin eta ezberdin ere ez izatea lortu dugu azkenerako. Edo bestela esanda, markakoak gara gure ezberdindu nahi horretan.

Beste uniforme batzuen inguruan ere burua jiraka darabilt. Beti uste izan dut euskal gizartearen garaipen kolektiborik handienetakoa izan dela soldadutza behartuari uko egitea. Objezioa, eta batik bat intsumisioaren urratsak eta lorpenak gutxiegitan ospatzen ditugula esango nuke, baduela gazteriak zer ginen eta non gauden jakiteko premia eta eskubidea. Armada ororen aurka nago eta gainera gure arrazoia bikoitza zen soldadutza begi txarrez ikusteko, zerbitutako armada beste batzuena izatea are mingarriagoa baitzen. Halere, bero egiten du hemen abenduan, bero zapa guretzat. Eta eldarnio moduko batek jota, gogora etorri zait Felipe Gonzalezen ideia errespetagarri bakanetakotzat jo nuena. Berak zioen soldadutzak denentzat derrigorrezkoa behar lukeela, borondatezkoa izatera, koittadu, pobre eta ezer gabeko etorkinek baino ez zuketelako armada profesionala osatuko. Ados egon edo ez, denborak arrazoia kendu behintzat ez dio egin. Akaso hasieratik ez zeukalako. Baina askatasunaren eta berdintasunaren arteko kontraesan eta orekak nola kudeatu prestatzen hasi behar genuke, noizbait geure armada beharrezkoa dela erabakiko bagenu ere.

Gainerantzean ondo gabiltza. Euskal Herritik urrun ari naiz han bertan baino patxada eta sakontasun handiagoz gure kontuez berriketan. Luze aritu daiteke hemen literaturaz, dantzaz, zinemaz, musikaz, bertsolaritzaz… Edozein mahaijira babes goxo zaigu gai horiek jorratzeko eta autoan ere ez da motor hotsik entzuten txor-txor soinuak irentsirik. Euskal kulturaren planaz aritu gara. Edo Kulturaren euskal plana zen? Planaren euskal kulturaz ere luze jardungo genuke hemen. Durango txiki bat ospatu dugu, nahi gabe, urrutian. Sinisgorrek sinets iezadazue. Egia da, beroarena kenduta.

Ilundu du. Autoan abiatu gara. Igotzerako ohartu naiz begi-bakar zihoala. Eta tupustean aurkitu ditugu aurrez aurre: polizia uniformatuak. Bizitza beraren metafora dela pentsatzen aritu naiz gidaria poliziei azalpenak ematen ari den bitartean. Beti ilunduta abiatzen gara gu. Beti begi-bakar gabiltza. Beti polizia uniformedunen bat ipintzen zaigu aurrez aurre. Zorionez, gaur, aurrera egiten utzi digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.