Bestelako egoera bat?

Martine Bisauta
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Departamenduetako bozek agerian utzi dute bukatua dela, 30 urteren ondoren, aurrez aurre izan dugun bipartidismo hori. Frantzian, Fronte Nazionalak gora egin du %25 baino gehiago, eta ezin baztertuzkoa da jadanik. Gehiengoa izan ohi duten bi alderdiek elkarri egotzi diote horren errua, baina ez dute batere gaitasunik erakutsi Fronte Nazionalak gogotik zabaltzen dituen ideia arriskutsuei taxuz aurre egiteko. Anatemak banatu bai, mamia gezurtatu beharrean!

Bitxiak azken hauteskundeak: desagertzeko bidean den erakunde bateko kideak aukeratzeko deitu digute, eta haiek ez dakite zer eskumen izango duten esku artean! Frantziak, bere burua demokraziaren aitzindari gisa amesten duen horrek, ikuskizun harrigarria eman du orain... Hori ikusirik, ezin gara askorik harritu hautesleen atxikimendu faltaz, ez eta bozkalekuetara joateko gogo faltaz ere.

Gobernuak parte hartzeko eginiko deien eta sorturiko giro itogarriaren ondorioz, asko makurtu zaizkio herritar-arrazoiari, eta, azkenean, berriz eman diete beldurraren soldata deitu daitekeen hori! Hori guztia ez da oso duina, eta bi bozkaldien artean ezkerrean izaniko tratukeriek ez dute sumindura handitu baizik egin kontra bozkatu eta okerrena eragotzi nahi zutenen artean.

Euskal Herrian, hala ere, bada fenomeno berri samar bat: koalizio abertzalearen emaitza onak. Boto hori guztiz identitariotzat jo izan da luzaroan, baina orain beste zentzu bat hartu du, eta babesleku moduko bat izan da. Biziki harriturik, egiaztatu dut nire inguruko askokEH Bairen alde bozkatu dutela lehen aldiz, eta batzuek, bi bozkaldietan, gainera! Boto hori iruditzen zitzaien posible bakarra: «Gutxienez, haiek saiatuak dira», edo «badute egitasmo bat, gutxienez; badakite zer nahi duten eta, batez ere, zer ez duten nahi». Esaldi horiek ez dute desafio doinurik, baizik eta bereturiko hautu baten doinua; ifrentzuan, ezkerreko alderdiei eta ekologistei dieten guztizko arbuioa dago.

Hori ez da aski guztiz azaltzeko zergatik izan duten halako arrakasta abertzaleek, baina ez da guztiz neutrala hain erraz beretu ahal izatea maiz zehaztuagoa eta militanteagoa izan ohi den boto hori.

Deslokalizaturiko enpresen itzulera herritarrak gogo onez hartzen ari diren honetan, beharbada zentzu bete-betea hartzen dute lurralde baten, haren garapen iraunkorraren eta haren onarpen juridikoaren aldeko borrokek. Gobernuen eta interesen liskarretatik urrun, EH Bairen mezuak bere tokia aurkitu du herritarren artean, hurbiltasunez, eta alderdi handiek hobe lukete hura kontuan hartu aurten izango diren eztabaidetan.

Lurralde antolamenduaren eraikuntzak ez du ezaxola uzten iritzi publikoaren parte handi bat, eta segur naiz azken hilabeteetako eztabaidek aztarna utzi dutela. Gainera, etorkizuneko lurralde kontratuaren negoziazioa aldi garrantzitsua da, eta, oraingoz, atzerapauso handia dakar aurreko garaian izaniko emaitzen aldean.

Orain, boterean direnek ulertu behar dute eskualdeetako bozak laster izango direla eta bestelako egoera bat dagoela Euskal Herrian!

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.