andoni egana
Plazatik

Bi dorre

2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Zuek zer uste duzue, Ibardueroko nagusiak garela?» egiten zigun amak errieta ume ginela, jolasean ibili eta zabarkeriaz etxeko argi gehitxo piztuta uzten genituenean. Iruditzen zait ez zela gureko kontua bakarrik izango; beste hainbat etxetan erabiliko zen esamolde bera. Eta, gainera, Iberdueroren «e» hori «a» bihurturik, euskaldun asko eta asko sumatu baititut berdin ahoskatzen. Akaso, euskaldunon logikan argi-indarraren sorrerak zerikusi handiagoa duelako ibarrarekin, Iberiarekin baino. Nik behintzat ez nituen sekula Iberdueron Iberia eta Duero identifikatu, duela gutxi bi hitz horien elkarketa zela jakin nuen arte.

Gerora Iberdrola etorri zen. Eta ondotik Iberdrolaren dorrea. Eta gero hura inauguratzera, direnak eta ez direnak arrimatu dira. Iturriagak «falo» ulertu bide zuen teleberrian nahiz eta berak onartu esatariak segur aski «faro de Bizkaia» esango zuela. Niri, dorrearen zutuntasunak baino gehiago, bertara hurbildu zirenenak eman dit zer pentsatua. Dorrea bezain zurrun eta zut ikusi genituen, hain diskurtsibo eta hain «bere tokian» bakoitza.

Mendebaldekotzat jo duten gure kultura honetan zutik irauteak edo zutik hitz egiteak badu bere garrantzia. «Lurrean kondenatu zaren langile tristeak» zutik behar zenuke. Zutik egiten dira sermoiak eta zutik egiten mitinak. Zutik egiten dugu bertsotan afalondoan ere, jendea ikus dezagun, jendeak ikus gaitzan eta «errespetu» apur bat jartze eta lortze aldera. Gorputz jarrerak, ordea, esanahi desberdina du mundu zabaleko kulturetan. Dogoien herrian sekretuak ez daitezke etzanda baino konta; Burkina Fason kontu serioak eserita esan beharrekoak dira eta zutik esandako hitzek ez omen dute piper hautsik ere balio; Afrikako leku askotan hitzaldi eta kontaketa luzeak kokoriko ipinita burutzen dira, bai hizlari, bai entzule.

Horregatik irudikatu ditut, korruan eta kokoriko, Espainiako Errege-erreginak, Bilboko alkatea, Iberdrolako buruak, Legebiltzarreko presidentea, Bizkaiko ahaldun nagusia eta beste hainbat eta hainbat, beraientzat jarrera behartuan, praken atzealdean tarratadarik ez sortzeaz, edo gonen luzera laburtxoaz kezkaturik. Orduan, euren hitzek ere bestelako pisua izango zuketen. Ez dakit handiagoa ala txikiagoa, baina bestelakoa.Kokoriko esandako «progreso»-k beste esanahi bat hartuko zukeen. Baita «Euskal Herrian ainguratutako enpresa gara»-k ere. Edo «etorkizunak». Edo «inversiones»-ek… Abesbatza ere kokoriko jarriko nuke, Nerudaren Oda a la energía kantatuz. Eta orduan jabetuko ginateke zenbat dugun itxuratik eta zein gutxi funtsetik. Kokoriko jarrita, bai argia eta bai indarra askori joango litzaieke.

Nahiz ez dirudien, dorreen harira, duela pare bat aste Gantzarainek bere zutabean galdera egiten zion bere buruari zer gertatu ote zen Nuarben edo Zarautzen, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten larunbat hartan. Zer egin ote zuen jendeak, manifestazioetara joan zen, lanera, dantzara… Nire oroitzapenen bilduma egin nuen eta hurrena aurrez aurrez Gantzarainekin topo egitean berari kontatzea egokiagoa zela deliberatu. Aste honetan, ordea, Iberdrola dorrearen inaugurazioak duela ia berrogei urteko larunbat hartara narama derrigor. Zarautzen ere bada dorre bat, 60ko hamarraldian egina, kosterri oro berdinak zirela pentsatuta. Euromar izena bera du aski salatari. Modan zegoen orduan, eraiki eta hamar bat urtera. Larunbat hartan manifestazioak egin ziren Zarautzen goiz eta iluntze. Iluntzekoan, bagindoazen errepide nagusian barrena eta Euromar parera heltzean norbait ohartu zen bide bazterretako auto haiek Euromarreko dantzaldira joandakoenak zirela. Gure amorruak ez zuen ulertu halako egun mingarrian jendea dantzarako nola egon zitekeen. Lehen aldiz, ordura arte nik behintzat ez nuen halakorik ezagutu, kotxeak zeharkatu ordez, inongo kupidarik gabe, irauli egin genituen.

Iraultze hark tamainako iraultzarik ekarri izan balu ez ziren aste honetan Espainiako errege-erreginak beste dorrearen inauguraziora hurbilduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.