Atzo bertan azaldu zen egunkari honetan gutun bat aski argigarria. Mikel Alberro Zabaletazuen sinatzaile eta azken boladan askori entzun ahal izan diodan argudioa zuen ardatz: independentziarako bidean, arrazoi ekonomikoa ez da baztertzekoa. Gogora ekarriz, honela zioen: «Arrazoi historikoak, linguistikoak, kulturalak eta politikoak ditugu euskaldunok independentzia inoiz baino ozenago eskatzeko. Arrazoi ekonomikoak bigarren plano batean geratu dira aurrekoen aldean, baina bizi garen krisia dela-eta, oso kontuan hartu behar direlakoan nago. Izan ere, Espainiak ekonomikoki ere ito eta estutzen gaitu, murrizketen bidez zapalkuntza ekonomikoa inposatzen digu, eta zama izugarria bihurtu da Hego Euskal Herriko garapen ekonomikorako». Bukatzeko memoria ona eta begi argia erakusten zituen:«Independentziarekin azak jatera kondenatuak ginela esan zuen aspaldian EAJko buruzagi ospetsu batek. Berak ere onartuko luke alderantziz gertatzen zaigula egun: Espainiarekin miseria gorrian biziko garela, hondoratzen ari den ontzi zaharkitua baita. Ea euskaldunok itsasontzi eta hondamendi horretatik lehenbailehen ihes egiten dugun».
Esan bezala, azken urteetan bereziki abertzale eta bereziki bereizi zale nabarmendu gabeko askoren ahotsa entzun izan dut han eta hemen «horiekin ez goaz inora» eta independentzia aldarrikatuz. Bat nator bi egin behar horretan. Hegoaldera begira batik bat, oso taju gutxi sumatzen da. Horrelakoak hobeak dira etxerako baino auzotzako. Arrautza guztiak saski berean jarri zituzten —eraikuntzan— eta adreiluaren gainbeherarekin itotzen hasi dira. Politikari kemenik gabeak, bankuxahutzaileak, enpresa iruzurgileak… beste tokietan ere txakurrak ortozik ibiliko dira, baina ez hainbeste eta ez hain aurreikuspen eskasekin.
Aste honetan bertan jaso dut beste gutun bat posta elektronikoaren bitartez. Bertsozale Elkarteari zuzendua zegoen niri iritsarazi ziezadaten. Izenak aldatuko ditut inor mindu ez dadin, baina honela zioen, edo honelatsu hobeki esanda, gazteleraz baitzetorren gutuna eta neuk itzultzean izpiren bat alda baitezaket nahi gabe: «Kaixo…nire izena Maria Anjeles Gorria da eta ETBtik idazten dizut programa berri bat prestatzen ari baikara. Tu plato favorito izango du izena eta ETB2an hasiko da emititzen ekainaren 11tik aurrera zazpi astean segidan. Andoni Egañak parte hartzea nahi genuke. Programa bakoitzean, Euskal Herriko hiru pertsona ezagunek euskal gastronomiako euren platerarik kuttunenak aurkeztuko dizkigute, eta gustukoen duten jatetxea. Ikusleek programa bakoitzeko onenari botoa emango diote etafinalistek zuzenean jokatuko dute platoan zein den platerarik onena. Andonirekin egin beharreko grabazioa egun bakarrean burutuko genuke, ekainaren azken asterarteko epean. Berak aukeratutako lekura joango ginatekehautaturiko platerarekiko duen harremana eta honen tradizioa eta historia konta diezazkigun eta gero erabaki duen jatetxera, sukaldariak berari eta ikusleei errezeta nola burutzen den azaltzeko. Zoritxarrez, aurrekontuak ez digu kolaborazio hauek ordaintzeko adina ematen, baina espero dugu programa aski erakargarri gertatuko zaiola parte har dezan. Besterik gabe, erantzunaren zain geratzen naiz. Besarkada bat.»
Zoritxarrez, ez naizela joango erantzun genien. Txoritzarrez tximetaraino nago. ETB zen borondatezko kolaborazioa eskatzen zidana, ez Gobernuz Kanpoko Erakunde bat edo ziztada behar duen euskara hutsezko egunkaria. Geuk ordaintzen dugunak ez omen du sosik gure kolaborazioak ordaintzeko… eskatzea libre dela dio esaerak, baina eskatzailearen aurpegia ere bistarazten du. Eta horregatik gure leiho horretan bistaratzen diren aurpegiak ez dira guk ikusi nahi genituzkeen Benito, Andu, Ferminenak… urteak daramatzatelako tratamendu duinik eman gabejardunari eta patrikari. Musu-truk lerdoarena egiteko ez baitago inor prest. Musu-truk aritu daiteke; lerdoarena ere egin daiteke. Baina biak aldi berean ez.
Kanpokoak hain motz, etxean bertan hain arrotz, zirt edo zart egin beharrean gaude, etxean eta kanpoan. Bereiz gaitzaten arrazoiak badaudelako. Berezi izaten segitzeko arrazoiak ere baditugulako.
Plazatik
Bi gutun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu