Gure haurtzaroan asko hitz egiten zen ahopeka. Egia esatera, helduak ziren ahopeka mintzo zirenak, batez ere amak, izebak eta andreak, oro har. Umeok bagenekien guregatik mozorrotzen zituztela solas haiek haize txistukariz, helduen auziak ebazten zirela horrela, sekretuak, jolasetik haratagoko egiazko bizitzaren ehunak. Horregatik zorrozten genituen belarriak, neskatook, bereziki.
Eta horrela jakin genuen haurdun geratzea zoritxar handia zela batzuetan, andreek beren kabuz, erruaren zamaz, konpondu beharreko zerbait. Eta odolustuta hiltzen zirela hainbat sukalde bazterretan. Giro hartan liluragarria izan zen auzoko emakume batek hartutako erabakia: aldarririk gabe baina ahopea baztertuta, ahots arruntez kontatu zien etxepeko beste andreei endekapenezko gaitz bat zuenez Londresera joan zela abortatzera, senarrak lagunduta. Erbestean jasandako umiliazioa, eskubidea, sexualitate aske eta gozagarria, norbere gorputz eta buruen jabe izatea aipatzen zituen kontakizunean tartekatuta. Halaxe hasi ziren etxepeko beste andreak ere gero eta ozenago hitz egiten abortuaz, eskubideaz, sexualitate aske eta gozagarriaz, norbere gorputz eta buruaren jabe izateaz. Halaxe askatu ziren ahopetik eta jabetu ziren ahotsaz. Horixe eraman nahi du berriz ahopera Espainia neofrankistak.

Bira
Ahopera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu