Abuztuko girorik ez genuen izan atzo Gernikako azokan. Umeak hasi dira eskolara, eta hori asko nabaritzen da. Udan bueltaka ibiltzen dira gurasoen eskutik, baina neguan ez da haien zaratarik izaten. Aitona-amonak etorri ziren goizeko lehen orduan. Umeak eskolan utzi eta enkarguak egin nahi zituzten. Astelehenetako gure errutina hau izango da gutxi gorabehera hemendik aurrera. Gabonak arte iraungo du, akaso, udaren oihartzunak, baina urtarriletik maiatzera han egongo gara nor etorriko. Egia da astelehen goiza ez dela azokara joateko egunik egokiena, baina ez dakit hori izango den bezero faltaren arrazoi bakarra. Astelehen goizetan jendea egoten da tabernetan, jendea ibiltzen da dendetan, jendea egoten da banketxeetan, jendea izaten da Ogasuneko edo udaleko bulegoetan, jendea ibiltzen da pasieran, jendea izaten da azoka ez diren supermerkatu handi guztietan... Ikusiko dugu udazkena eta negua zelan joango diren, baina, azken urteak ikusita, ez dago martxarako arrazoi handirik. Denek esaten digute zerbait egin behar dela, baina inork ez du ezer egiten, eta inertziaz doaz urte sasoiak gure mahaien aurretik.
Astelehenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu