Iragan egunean, alaba eta biok libre ginen eta goiza idazten pasaturik, eguerdi aldera erabaki genuen etxeko oinarrizko gauzak erostea helburu elkarrekin shopping egitera joatea. Ez zaigu ardura horrelakorik gertatzen eta pozten nintzen ene alaba gehienarekin supermerkatuetan barna ibiltzeaz. Txantxetan diot hori alabaina, alaba bat baizik ez dudalako. Ez ginen despendiosak izan, ni neu nahikoa zekena naizelako batez ere.
Goseak ordea harrapatu gintuen eta Baionara itzuli ordez BAB zentro komertzialeko jatetxe lasterretarik batean bazkaltzea deliberatu genuen. Amerikar izen zurrungatsua daukanean ez, hanburgesek betidanik gaizki utzi dizkigutelako urdailak, baina bai bost barazki eta lau fruta dasta daitezkeen hartan.
Jende presatuen antzera kaxatik pasatu ginen, Kandidaren pare nenbilela: familia osoak mahaietan jarririk zeuden, jateko denbora apurra zuten langileak, hegoaldetik etorri emakume taldeak edo itzal bako kide bakartiak.
Oren erdi soilaz aseak ginen. Anonimoki eta aspertzeraino aiduru higatu gabe. Zerbait zen. Alabak erran zidan irria ezpainetan: ikusten, kapitalismoak batzuetan sabela ederki bete dezakeela...
Zer bada niezaiokeen ihardets?
BIRA
'Blunch'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu