Emigratuei ehiza eta gauerdiko trenetan bidaiari loak hartuei paper kontrola hotzak egiten zaizkienean, Sarkozyk bere atzealdean herritar lagin txukuna eskatzen du, sindikalista xaloak edo jendartean gora hupatu diren atzerritarrak. Iragan egunean Villeneuve Le Roi-ko egoitza sozialen eraikuntza lantegian ibiliko zela-eta enpresariari casting baten kudeatzea eskatu zion Eliseoak. Telebista irudietan agertzeko, imigrazio arrakastatsua frogatzen duten behargin plantakoak hautatzea galdatu ziotela presidentziatik, erran zuen Nexityko arduradunak. Halaber UMPtik hurbil dagoen Opinionway aburu-ikerketa etxearen arabera, frantsesen hiru laurdenak bat datoz rom delakoen udako espultsio olde itsuarekin. Igandean, ordea, beste zundaketa batek alderantzizkoa eman zuen: Hortefeux-ren politika xenofoboari dagokionez, hiritar kopuru berdinak Europar Batasuneko zuzendaritzaren ikusmoldea partekatzen zuela.
Segur da lehendakariak eta haren fidelis canis saldoak nekez onartzen dutela errealitatea, ukamen horrek totalitarismo baterako xendra urratzen duelarik. Ahal balute aurkariak, grebalariak, lodiak eta itsusiak oro kanporatuko lituzkete gogotik, beraien artean en petit comité gobernatzeko.
BIRA
'Casting'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu