Bira

Dakar

Itxaro Borda
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Egunotan foro sozialaren aldiera berria ireki da Dakarren. Lurrak dauzkan ekintzaile, oldartzaile, pentsalari ezkel eta errebelde multzoak biltzen dira krisiaren lau dimentsioen ondorioei nola ihardetsi hausnartzeko. Globoaren hiru laurdenen pauperizatzea aztertuko da, ontasun naturalen agortzea, bereziki ura, desjabetze orokorra, jende arrunten libertateen murriztea halaber. 1999an Seattlen sortu zen foroaren emaitzak G8 eta G20 gailurren egitarauetan direla ohartzen gara, hauek erabaki finkorik hartzen ez duten arren garapenaren obsezioarekin itsu dabiltzalako.

Senegaleko foroan kontinente beltzaren destinua ikertuko da. Argi denez planeta osoaren egoeraren erakuslea eta laboratorioa da Afrika. Krisiarekiko erantzunak menturaz bertan aurkituko dira, Tunizian edo Egiptoan agitzen denarekin ikusten den bezala. Dekolonizatzearen egiazko bukaerara deitzearekin batera Dakarren mundutar migranteen agiri bat plazaratuko da, ezen ondoko urteetan iheslariak ugarituko baitira, ez bakarrik lan ezagatik, bai eta ere egurraldi aldaketarengatik.

Neoliberalismo larrutzailearen aurkako mundu mailako aburu politiko eta kontzientzia anitzbertsal baten eraikitzea da foroaren helburua. Lortuko al dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.