Urteroko meza, kantatua askotan... bakarretan isila, jendea Durangoko azokako pasaleku jendetsuetan bidea zulatzen dabilenean adibidez, hitzak eta saihets begiradak ukatuz, automata gisa, non zer eskuratuko duen hausnarrean. Durangitis larriak joa dagoenak ez du nehor ikusten, ezagunak doi-doia agurtzen ditu, gure masa-medietako kritikariek aholkatu liburuak, diskoak edo beste ekoizpen kulturalak ditu buruan, zerrenda mental immaterial batean notatuak, beretzat edo hurbiltzen ari zaigun Eguberriko opari gisa erosteko. Erranaldi honek bezala, Durangoko azokak, hatsa hartzeko ahalmenik gabe uzten gaitu.
Asteburu honetan, etxean daudenek ere egunkari eta telebisten bidez segitzen dute Durangon gertatzen dena, mahai inguruak, aurkezpenak, zuzeneko podcast grabaketak eta aurtengoa 60. edizioa izatearen ekitaldi memorialen furiak. Euskal artista prekarioak bertan dira, Euskal Herriko zazpi izkinetatik etorriak beren lanak besapean, irakurlego bezatuarekin solasa eta unea partekatzeko asmoz.
Meza oparoaren ondotik bezpera meheak kantatu al ditugu?