Miren Amuriza.
BIRA

Fair Saturday-a

2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fair Saturday-a (larunbat justua) ospatu zuten Bilbon joan zen asteburuan. Antolatzaileetako batek Euskadi Irratian esan zuenez, Black Friday-ak sustatzen duen kontsumismoari kulturarekin erantzun gura izan diote: 2014az geroztik hainbat artista batzen zaizkie, eta egun horretan ateratako irabaziak elkarte edo proiektu sozialetara bideratzen dituzte. Kausari meriturik kendu barik, baina errezeloa sorrarazi zidan herri-mugimenduan betidanik egin izan dena dinamika berritzailetzat aurkezteak.

Ekimena Bilbon sortua bada ere, web orria gazteleraz, ingelesez eta italieraz dago (Espainiako zenbait hiritan, Liman eta Pisan ere ospatu da aurten). «Ikuspegi globala duen mugimendu kultural diferente» moduan definitzen dute Fair Saturday-a, «munduan inpaktu soziala izatea» helburu duena.

Aurreiritzietatik dihardut eta oker egongo naiz, akaso, baina ez naiz bere burua «munduko hiritartzat» duen jendearekin fio. Ikuspegi globala aldarrikatzen badute ere, munduaren parte jakin batera begira ez ote dauden gehienak: Manhattanen, Berlinen edo Oslon indie kontzertuetara joaten direnekin identifikatzen da mundutarra, ez boliviarrekin, libiarrekin, errumaniarrekin. Ez naiz lar fidatzen kulturgile domina paparrean jarri eta euskara aintzatesten ez duten euskal herritarrekin. Gehiagoko barik «diferenteak» izan gura dutenekin. Eta Petronorrek babesten dituenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.