Bira. Itxaro Borda

Gaur

2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Baionan iragan larunbatean eguzkiaren neguburua ospatu zuten. MMM-en poema baten itzultzen ari nintzen eta musika zein abestien arabera piska bat new age iruditu zitzaidan. Zena zelakoa, geroztik egunak luzatzen doazkigu, minuta bat hemen, beste bat hor eta azkena hantxetan. Lanera noan goizetan jada nehor ez dabil gazitua duten Santizpiritu zubian. Oporrak, onak suerta bitez bira hauen irakurleentzat. Zinez.

Haur gineneko eguberriak ez ziren gaur bezain oparoak. Azukre arrosezko Jesus haurra klikatzen genuen, txokolatea ausiki galantaz kraska arazi aitzin, iranja garestiaz bukatu baino lehen. Mezara ere joaten ginen oinez, sasi arteko xendretarik. Zintzurrek eman ahala Oi eguberri gaua orroatzen genuen, apez gotor eta arrotzen soak gurutzatu aurretik. Bide Ertzean taldekoen gisara, Xabier Leteren Ni naiz kantatu genezakeen erraz orduan. Ahotsak orain doi bat erlastu zaizkigu.

Ahantzi ditzagun penak, haserreak, bakartasunak, minak eta zalantzak. Argia gugan daukagu. Ireki diezaiogun leihoa —batzuek window deitzen diote— ateo, pagano ala fededun izan, berdin du, euskalduna ilunbean distiratzen duen harri beltza delako. Ibiliaz beste premiarik ez dugu.

Eguberri ederrak guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.