
BIRA
Gitarra ontzia
Jende karratuarentzat itsasontzi bat itsasontzi bat da eta gitarra bat gitarra bat. Jende karratuak inork sortutako hitzekin esaten ditu gauzak: euria ari du. Karratua, basoan pago bat besarkatzen harrapatzen zaituenean, gaizki begiratzen dizun jendea da. Jende borobilak ez. Jende borobilak, enborrari oratuta zaudenean, «goraintziak nire partez» diotsu. Jende borobila gitarra itxurako itsasontziak eraikitzen dituena da. Edo itsasontzi itxurako gitarrak. Jende borobilak asmatutako hitzekin ere esaten ditu gauzak: didi obai ieie nii. Jende borobila hiltzen den egunetan egiten duen eguraldiaz, luzaroan akordatzen gara; Mikel Laboa hil zenean, elurra egin zuen Gasteizen. Eguraldi aldaketek nola eragiten dieten pentsatzen dugu bestela; Joan Gorritiri hotzarekin eskuak gogortzen ote zaizkion ala ez. Joan Gorriti Saint Exuperyren Printze Txikia zela sinetsiko nuen (marraztutako kaxa baten barruan bildots bat ikusi zuena) hura, Aralarko zelaietan barik, Saharako basamortuan agertu zela jakin izan ez banu. Ardiekin ez eze, ahuntzekin ere konpontzen baita Gorriti eta kontatzen du han goian, borda artean, Ahuntz Hotela eraiki zuenekoa. Zer da hori? Zer izango da, ba? Hotel bat ahuntzentzakoa. Jende karratua Ahuntz Hotel bat zer den ulertzeko esplikazioak behar dituena da. Jende borobilak ahuntzen izenak pintatzen ditu oholetan: Marga, Felisa, Agustina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu