Lhande eta Charittonen hiztegietan bilatzen ditut eleak, Frantziako gertakariak izendatzeko. Ez dut ezer aurkitzen eta irudimena erabiltzera behartua naiz. Gobernari larderiatsuak opets mintzo dira. Senatuko bozka berandu dabil eta karrikak jendez mukuru daude. Egunerokoa inkaminatzen digute telebistetan erreformaren egokia esplikatzen saiatzen diren kazetariek. Boteretsuen solasetan egia baino gezur gehiago dagoela frogatzen dute, nahi gabe.
The Clash taldearen Justice tonight harrigarria dantzut idazten nagoen bitartean eta irri gutizia daukat: findegietako langileek zehatz asmatu dute kotxea jaun eta jabe den gizartean eragiteko. Jada 3.000 gasolindegi agorturik dira. Ez du ematen biharkoan konponduko denik. Noizbait, segur aski, Urria Gorrail honetako mugimendu soziala aztertuko dutenean, garatu den gerrilla herrikoiaren lanean bezalako malgutasuna azpimarratuko dute historiagileek: ekintzaile grebariak oldarrari aldizka lotzen zaizkio. Guztiok parte hartzen dugu baina ez aldi berean.
Margaret Thatcher hospitalean dagoela, ingeles buruzagiek 500.000 enplegu ezabatuko dituztela iragarri dute: uste duzue londrestarrek deliberoa ihardoki gabe irentsiko dutela?
Inkaminak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu