Bira

Negua

Itxaro Borda
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gustatzen zaizkit ur azalaren grisarekin ezkontzen diren neguko igande hitsak. Oragarreko mendixketarik nabil lasterka, euri egin berrian lurrean ohatu zipo lokaztuen gainetik punpa batez pasatuz, Teilerian gora eta Etxebeheitiko hautin aldean behera. Lainoaktroxatzen nau eta oinak bustitzen ditut belarretarik noala. Kaskiletako baserrien saihetsetik iragaitean sukaldeko kearen usaina hotzarenarekin biltzen usnatzen dut eta hori oparitzat daukat.Gainera, laborari gehienek orduan euskal irratiek eskaintzen dutenmeza kantatua entzuten dute. Ardiak marrakaz eta zakurrak zaunkaz.

Ostarteak urratzen ditu haize meharrak. Urrunetik aditzen ditudan kuru-kuru errepikatuek gogoa inarrosten didate, banpez inguratzen naiz eta burua altxatzean kurloak ikusten ditut, ortzean, nora ez. Galduak dirudite baina ez dira bakarrak. Migrazio bideak uhertu zaizkie, aitzindari zazpikotearen aiduru daude eta taldea berrosatzen denean itsasaldera lehiatzen dira. Ase ezin bihurtzen zaizkit begiak eta hor miresten dudana nahi nioke mundu guztiari kantatu. Zeru mineko xendrak nahastean menturaz aditzak, eta bereziki aditz trinkoen atseginaz gozatzen hasten naizelako.

Atseginaz eta ederraren ederraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.