Berriz ere apergia edo greban dira greziar haurrideak. Eskuineko gobernu-buruek urteetan hazi zorra ordaintzen darraite, Afrikako edozein herrialde gaztigaturen pare. Milaka jaitsiko dira karriketara autobus, tren eta metroetako txartelen prezioen goititzea salatzeko. % 30. Ez da gutxi. Berrogeita zortzi orduko bi greba mugimendutara deitzen dituzte jendeak sindikatuek.
Itotzear dagoen Europako prentsak ez digu ezer aipatzen. Grezia belauniko daukate eta ttattit daude beren aldia etor litekeelakoan. Elkartasun izpirik ez dute hazten, alderantziz, eta batzuek NDF-ko zuzendaria irudikatzen dute demagun Frantziako biharko lehendakari gisa. Nola jar daiteke konfiantza dolarraren dolorea gehiengoari paira arazten dabilan horrelako gizon batengan? Ezkerrekoa izateak ez du salbatzen alabaina.
Manifestaldiak Athenako parlamentuaren aitzinean bukatu dira datozen arratsaldeetan Ta Nea izparringiak agertzen duen bezala, badakizue, urtxoak bazkatzen diren eta evzonak aldatzen ikusteko egokia den Syntagma eguzkitsuan. Orain arte arras merke zeharka zitekeen Greziako hiriburua, bazter batetik bestera, lur petik ala lur gainetik, bertako zirkulazio eroaren gaitzetarik libratuz.
Bira. Itxaro Borda
Syntagma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu