Bira

Tunis

Itxaro Borda
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Behin Chirac Tunisiara joan zen eta arranguraz zetozkionei erran zien deblauki: egunero jaten duzue eta... zertaz pleinitzen zarate? Neokolonial hildotik segituz, duela gutxi Alliot-Marie inenarrableak frantses legebiltzarraren aldarean hersturetan zebilan Ben Ali tunisiar buruzagiari Frantziak duen laguntzarik hoberena igortzea proposatu zion, hau da CRS saldoak, goseti andanen aurka boterea salba zezan. Urrian Sarkozy hurbiletik gerizatu zutenak herritar haserretuengandik. Antzeko gaitzei antzeko erremedioak alaina!

Ostiral gauean alta Ben Ali iheslariaren hegazkinari ez zioten Parise ondoan lurreratzeko baimenik eman. Hara beraz turisten bezain politikarien babesa zeukan diktatorea Djedda hirian dagoela bere baliatzaile familia osoarekin. Suminduraz gogoeta ari diteke: zergatik nituen adiskide on horiek beharrune latzenean abandonatzen baldin banaute. Horrela da jauna, Jainkoak ere Jesus gurutze gainean zintzilik utzi zuen lama sabactani...

Euskal Herriko tunisiarren zoriona partekatzen dugu, hauen gerorako beldurra halaber, baina demokraziarako prest daudela errepikatzen dute pantailetan, kaosaren eta muturreko milizien mehatxuak handiak izan arren.

Harri eta lur dago mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.