Aspaldi itxitako arrakala bat zabaldu dizu semearen galderak: «Ama, zergatik jaiotzen gara gero hiltzeko?». Horrelako gauzetan ez pentsatzeko erantzun diozu totelka, ume txiki bat dela, bizitza luzea duela zain, egiteko lo, biltzeko indarrak bihar berriro asko, asko, asko jolasteko, hondartzara joango zaretela berriz. Bekokian laztan bat egin diozu esaldi bakoitzeko. Isilik geratu da. Pausatua du arnasa. Zeu arnasa hori baino ez zarela iruditu zaizu lipar batez.
Lo hartu duelakoan musu ematera hurbildu zara, baina izar beltz irenstaileen tamainako begiak aurkitu dituzu begira, urrutira, oso urrutira. Begi minduak, begi pitzatuak. Bere ondoan etzan, eta eskua eman diozu.
Ezaguna zaizu semearen mina, ezaguna pitzadura. Zeuk ere galdetu zenuen inoiz bizitzaz eta, batik bat, heriotzaz. Baina ikasi zenuen arrakala ixten, hilko ez bagina bezala bizitzen, kezka eta ahalegin guztiak biharamunerako indarrak biltzeko jartzen.
Azkenean, hartu du lo. Zuk ezin, ordea. Oharkabean, liburutegira iritsi, eta Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak hartu duzu —ez zenekien hor zenik ere—, eta irakurri: (...) goiz batean izotza nagusituko da/eta elkarri 'horra negua' esanen diogu,/baina izaki guztiek/beraien ibilbidea jarraituko dute/bizitzaruntz.

Bira
Udako gaua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu