BIRA

Uikilik

Itxaro Borda
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bazterrak harrotzen ditu Julian Assange australiarraren balentriak. Wikileaks sareak ipar amerikar diplomaten mezuak publikatu ditu Europear egunkari ospetsuen laguntzarekin. Mundua kudeatzen dutenak trapulari okituak bezala mintzo dira bataz eta besteaz. Halatan ohar kurruskalariak irakurri ditugu Merkel, Sarkozy edo Berlusconitaz. Konturatzen gara amerikarrek pentsatzen dutena dabilkigula buru zokoan guri ere askotan. Alde horretarik poztekoa badukegu.

Clinton anderea, diplomata mihi luze horien etxekanderea, birjina afruntatuaren araz azaldu da pantailetan, Wikileaksena ekintza kriminala dela mailukatzen. Badakigu jakin, iraganean gerla odoltsuak hasi izan direla anitzez gutxiagorengatik. Jadanik komentatzaileek eta politikariek Clintonen erranak errepikatzen dituzte buklean. Amerikarrek, garbi denez, ipurdia lastoz dute eta ez dakite zer egin pegarraren berrosatzeko: minbera eta kilika dabiltza.

Boketa latsa honetarik erregea bilutsik dela eta edozein eskola aterbeko ume mukizuen pare, gordin eta laidoka hitzegiten duela ondoriozta daiteke. Wikileaksekoek osasun publiko arloko obra luzatzen digute, bere itzal argiekin, demokrazia zuzena bideratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.