Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Umeak

2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Mundu alde honetako jende gehienari bezala, bihotza erdibitu egiten zait sufritzen ari diren umeen irudiekin. Gehiago oraindik: mundu alde honetako jende gehienari gertatzen zaion bezala, badut joera oinazeetan dauden haurren irudietan nigandik hurbileko umeak ispilatuta ikusteko. Alegia, Israel laineztuak Gazan hildako Hanen Tafish, Walid Abdalah eta Omar Ahmed Masharawi txikien aurpegietan —11 hilabete eta 2 urte artean zituzten— alabaren aztarrenak azaltzen zaizkit, eta ilobenak, eta haien lagunenak... Eta baita Afrika arpilatuan hezur eta azal, hil-hurren, erretratatzen ditugun umetxoen bisaietan ere. Malkoak etortzen zaizkit eztarrian gora.

Baina mundu alde honetako jende gehienak bezala, badut joera minean bizi diren haur horiek guztiak urrutiko lurraldeetako irudietara erbesteratzeko. Aldiz, kostatu egiten zait ikustea alaba eta ilobengandik hurbil, oso hurbil, badirela sufrimenak inarrositako umeak: adibidez, bisita ordua amaitzean ama espetxe barruan geratzen delako, edo noizbait aita hil zietelako, edo ama etorkina atxilotzeko zentroan sartu dutelako, edo etxerik gabe gera daitezkeelako... Ziur aski, izua eta itomena delako eztarrian gora datorkidana.

Gainerakoan, hain bizi gara mundu alde atseginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.