Zutabeokin hasi nintzenetik, gutxitan idatziko nuen piezatxorik Orotariko Euskal Hiztegira (OEH) jo gabe. Gehienetan, kontsultatzeko, forma egokiena —adierazkorrena— hautatzeko, zalantzak argitzeko, hitz batetik abiatuta beste baten bila hasteko. Askotan, hiztegiak zutabea oparitu dit, bertan aurkitutako perlaren bat izan da zutabeko gaia. Goizero bezala, gaur ere bisitan joan naiz hiztegira, oraingoan ikertu hitzaren peskizan. Kontu ezaguna da jakintza-arlo batean egindako azterketa eta aurkikundeei deitzen zaiela ikerketa. Gaur OEHk irakatsi dit ikertu badela bisitatu ere. OEHren atzean dagoenak ez daki —bai, badaki, baina ez diot inoiz aitortu— zutabeok zenbat zor dioten bere ahaleginari, urtetan egin duen inurri lanari.
Ibon Sarasolari, OEHren atzean dagoen ikertzaile nekaezinari, Ikerketa Saria eman diote. Zutabeok pozez bezainbateko esker onez segituko dute egunero hiztegi handia bisitatzen.
Hitz beste
Bisitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu