Texasko Estatua Cleve Foster presoa hiltzekoa zen joan den asteartean, Huntsvilleko kartzelan, injekzio hilgarriaren bidez. Baina bizi da oraindik: azken unean, asteartean bertan, AEBetako Auzitegi Gorenak geldiarazi egin zuen exekuzioa, prozedurazko helegitea onartuta. Ez da lehenengo aldia: joan den urtarrilean ere jarri zioten borreroarekin hitzordua Fosterri, azken otordua jan ere egin zuen, eta, ordu gutxi batzuk falta zirela, Gorenak orduan ere geldiarazi egin zuen hilketa legala, azken orduan helegitea aintzat hartuta.
Eskuoheari lotu eta hiru injekzio sartuko zizkioten kondenatuari, Gorenak bizialdia behin-behinean luzatu ez balio: batak, giharrak anestesiatuko zizkion; besteak, arnasa kendu; eta azkenak, bihotza geldiarazi. Arazoa da anestesiarako exekuzioetan erabili ohi duten droga falta dutela: thiopental sodikoa ekoizteari utzi egin zion AEBetan lan hori egiten zuen enpresa bakarrak, eta beste enpresa ekoizleen estatuek —Erresuma Batuak, Alemaniak eta Italiak— uko egin diote droga AEBetara esportatzeari, exekuzioetan erabiltzeko baldin bada. Stock-a badute AEBetako kartzela askotan, baina iraungitze data martxoan gainditu zuten. Irtenbidea? Pentobarbital, besteak beste abereak sakrifikatzeko ere erabili ohi den droga.
AEBetako heriotza korridoreetan exekuzio egunaren zain dauden 3.200 presoen defendatzaileen borroka nagusietakoa horixe da orain: droga berri horren eraginkortasuna auzitan jarriz hainbat exekuzio bertan behera uztea lortu dute hainbat estatutan, Ohion eta Oklahoman dagoeneko erabili duten arren. Fosterren exekuzioa beste helegite batek geldiarazi du oraingoz, baina botika berriaren aurkako borrokagatik egin da ezagun bere kasua, beste helegite bat ere aurkeztua baitauka Texasko Auzitegian.
Albiste gehiago ere ekarri ditu azkenaldian presoak hiltzeko ohitura zahar honek. Illinoisen, Barack Obamaren estatuan, alegia, bertan behera utzi berri dute heriotza zigorra. Abolizioa ekarri duen eztabaidaren mamia: sistemak akatsak dituela eta, ondorioz, errugabeak hil izan dituztela. Uztailean sartuko da indarrean lege berria, baina dagoeneko Patrick J. Quinn gobernadoreak kommutatu egin die zigorra heriotza korridorean zeuden 15 presoei, eta biziarteko zigorra ezarri. Honenbestez, AEBetako 50 estatuetatik 34tan jarraituko dute, legez, presoei bizia kentzen. Iaz, 46 hil zituzten.
Baina denak du bere ifrentzua. Bakarren batzuk, eta ez borreroek bakarrik, lana galduko dute Illinoisen hartutako erabakia dela eta. Heriotzaren korridoreko presoen alde eta heriotza zigorraren aurka lanean aritu den Chicagoko bulegoko dozenaka abokatuk, ikerlarik eta idazkarik lanpostua galduko dute aurki, enpresak itxi egingo baitu bi aste barru. Erreziklatu eta bestelako lanetan hasiko dira batzuk, eta heriotza zigorrari eusten dioten estatuetara joko dute beste batzuek, orain arteko ildoan jarraitzeko. Umorez hartu du kontua haietako batek, Wendi Liss-ek, The New York Times-i egindako adierazpenetan: «Lana hain ondo egin dugu, lanik gabe utzi dugula geure burua».
Ez dago zaila paralelismoak egiten, baina eutsi egingo diogu tentazioari, zerrenda luzeegia egin beharko baikenuke aro politiko berrian gurean lanik gabe gelditzeko zorian diren gremioen zerrenda egiten hasiz gero. Egin dezagun bat, besterik gabe, bere buruari heriotza zigorra ezarri dion Chicagoko bulegoaren espirituarekin: erreziklatzea da bidea.
Handik eta hemendik
Erreziklatzea da bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu