«Akordatzen al zara zein zen Franco, amona?», galdetu zioten etxean, proba gisara, burua galtzen hasia ote zegoen lehen zantzuak sumatu zizkiotenean. Baietz erantzun zuen amonak. Akordatuko ez zen ba! «Gizatxar bat, oso txarra ere!», luzatu zien azalpena seme-alabei.
Handik aste gutxira seme-alabak eta amona mediku baten aurrean zeuden, amonaren buru-gutxitasun mailaren balorazio-proba egitera joanak. Medikuak, beste hainbat galderaren artean, Franco ezagutu al zuen galdetu zion amonari. Lehenengoan isilik geratu zen, mutu. Galdera ulertu ez zuelakoan bigarrenez galdetu zion medikuak. Orduan, ahorik ireki gabe, buruaz egin zuen ezezkoa. Medikuak, erantzunak askietsi ez nonbait, eta hirugarrenez egin zion galdera. Eta orduan amonak argi erantzun zion: «Ez. Ezta pentsatu ere! Gizon hori ez zen sekula gure etxean izan!». Eta alabari irribarre maltzurra egin zion, «honi esango zizkionat, ba, gordeta euki beharrekoak» adieraziz.
Izan ere, beldurra da zerbait oso barruan korapilatzen zaiguna eta nekez askatzen dena. Burua bera ere beldurra baino lehenago galtzen da, eta hura galdu arren honek ziztadak ematen daki egoskor.
Gernikakoarekin, gerra zibil kontuekin eta Francoren sasoiko errepresio basatiarekin ere gertatu da amonaren jokaeraren tankerako zerbait. Etxe zokorako, zenbaiten etxe zokoetarako zehazkiago, gorde zen kontaketa. Beldurrak, zuhurtziak eta minak esatekoak isiltasun esanguratsuz edo ahapekako esaldi laburrez botatzera behartzen zituen une haiek gertutik jasateko zoritxarra izandakoak. Denbora kontua zen, ordea. Belaunaldi bat pasatzen utzi ondoren, orduan haur ziren aitona-amonak, orain adin bertsua duten bilobei kontatzen hasi dira sarraskiaren eta krimenaren handia eta horrek berak sekulako balio du, sarraskigileek eta haien ondorengoek kontrakoa egin baitute: gertatu berritan komenentziara kontatu eta gerora isildu.
Gernikakoari buruz berri-paper honetan irakurri ditudan ehunka lerroetatik atentzio eman didan kontutxo bat azaldu nahi nuke. Iñaki Petxarroman eta Amagoia Mujikak kronologia bat egin dute frankistek 1937ko udaberrian hasi zuten Bizkaiko erasoaldiari buruz. Eta artikuluaren hasierako esaldia honakoa da: «Euritsua izan zen 1937ko udaberria. Horregatik baino gehiago, ordea, hirien aurkako bonbardaketengatik gogoratzen da». Apirilaren 24ari dagokionez, Intxortari buruz ari direlarik, honakoa aipatzen digute: «Eguraldi txarraren ondorioz, dezente atzeratu zen frankisten erasoaldia tropa leialen aurka. Azkenean, ordea, frontea haustea lortu zuten».
Euria, eguraldi txarra… saihets-kontua dirudite, baina gerran ez ziren saihets-kontu soil. 1937an eragina zuten, eta hogei urte lehenago, Lehen Mundu Gerran, askoz ere handiagoa. Eguraldi-iragarpena derrigorrezkoa bihurtu zen Europako landa lokaztuetako lubakietatik noiz erasoa jo erabakitzeko garaian. Eta eguraldi-iragarpen horiek hobetze eta xehetze aldera ekin zioten gerora «ordenagailu»-tzat ezagutu ditugun tramankulu horiek garatzeari. Era berean, eta garai bertsuan, Armadaren baitan lehen lerrorako ze soldadu komeni zen, bigarrenerako zein eta atzeragoardiarako nor gorde erabakitzeko test psikologikoak asmatu zituzten, bestela ez baitzegoen nor norako komeni zen jakiterik. Argi dago munduaren orduko I+D delakoa, gerrarako eta Armadan inbertitu zutela oso osorik.
Horrelakoak gara pertsonak. Guztiok dugu onetik eta txarretik, baina batzuek txarretik gehiago dute eta besteek onetik. Beharrak garamatza asmatzera, baina inork ez du oraindik asmatu zergatik dugun besteak suntsitu behar hori. Informatika eta Sikometriaren gisako zientziek erroak non dituzten gogorarazi dit Euri arteko bonbak idazkiak. Zorionez, zientzia horiek, hasierako asmoak hasierako asmo, adarrak gizateriaren onerako hedatzen asmatu dute.
Medikuak amonari test xehe eta sakonagoa egitea erabaki zuen. Bere datuak sartu zituen ordenagailuaren fitxategian. Eta izartxo baten ondoan idatzi zuen honako esaldia: «Galdetzailea euskalduna izatea komeni da».
Plazatik
Euri arteko memoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu