Uda beteko (p)lana

Ezin ulertua

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kanpotik begiratuta, jende gutxi, mahai-aulkiak libre eta barra gainean ogitartekotxo gustagarriak ikusi dituelako hautatu du kale kantoiko taberna, behin sartuta, zaratatsuegia egin zaion arren.

Mokaduen aukera zabalari errepasoaeman eta dilema nagusia (jateko zeraukeratu) argitu berri duela (azkenean,txanpinoi-tortilla), aurrez aurre paratu zaio ostatuko dekorazioarekin bat datorren zerbitzaria, 45 bat urteko morrosko giharsua, Xabier Saldiasen gazte garaiko jarraitzaile eta goierritar petoa dirudiena.

—Ur gasdunik baduzu? —galdetu dio sartu berriak zalantzati, bere esanetara jarri dela adierazi bai, baina edalontzi erabiliak atzapar bakarrez batzen ari den horri.

—Barka? — eskaria ulertu ez duenaren tonuan, jada kargamentua harraskan utzita eta begietara begira.

—Ur gasduna, mesedez — eskatu dio berriro, hotzeriaren ondorioz kontsonante sudurkariak gaizki ahoskatzeagatik lotsatu xamar.

—'Orgasmua'?! —besteak, bularra hauspotuz, ipurmasailak eta aurrealdea estutzen dizkioten praka bakeroetan ezin kabitu dela.

—Ur [isilune motza] gasduna! —bezero txundituak, arrunt ozenago. Ez daki ziur ulertu diona esan ote dion, dezibelioek lotsagabetutako babaloreren batekin ari ote den, edo benetan ez dion konprenitzen... Burbuilak dituen urari deitzeko forma zuzena hori zela erakutsi zion, ordea, euskaltegiko irakasleak. Tipoaren keinu arrotza ikusita, sinonimoa bilatzen saiatu da, hala ere:—Alegia, ura gasarekin…

—Demonio! — egin du garrasi berbena zaleak. Zeharka begiratzen du disimuluan, ezkutalekuren batetik Alkainen koadrila aterako zaion beldurrez. —Horrela deitzen al zaio orain?!

Purrustadari beste zentzurik aurkitzen ez, eta lehenagotik inoiz sentitu izandakoa, euskaldun zaharraren gutxiespena, etorri zaio gogora txanpinoi-tortilla jaleari. Oldartu egin da:

—Nola deitzen diozu ba zuk? —kopeta apur bat ilunduta.

—Nik?! —Bezero berriak sartzen ikusita, urduritzen hasia da.—Bazenik ere!

Sorpresa disimulatzeko ahalegin handirik egin gabe, edalontzi batean bermuta eta gaseosa gozoa nahasi, eta bultzada perfektu batez, irristan igorri dio «bermut gasduna», esan nahi baita, «orgasmua».

Zintzurra bustitzeko premian zen bezeroak, paralisiak jota eman ditu pare bat minutu. Bere onera etorri denean, barnealdeko euskaldun zaharrak beste planeta batekoak direla ebatzi, begiak itxi eta xorta bakarrean irentsi du edabe kosmikoa. Zapore sailkaezinak erabaki irmo bat hartzera bultzatu du. Hemendik aurrera, gutizia linguistikoak albo batera utzita, Insalus eskatuko du. Edo Perrier.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.