EAEko herritarroi arraroa egiten zaigu gaurko eguna. Herritarroi, diot, nahiz badakidan generalizazio guztiak direla txarrak. Eguna arraroa da Estatutuaren aldekoentzat eta kontrakoentzat, euriarentzat eta eguzkiarentzat, festa ospatuko dutenentzat eta lana egingo dutenentzat. Egingo nuke arraroa egiten zaiola baita Patxi Lopez lehendakariari ere. Baina arrarotasuna ez dator, ene iritziz, orain dela oso gutxi ezarritako festa berri bat izateagatik, edo, nahiago bada, tradizio faltagatik. Estutzen banauzue, ez da arraroa ezta jende askoren ustez goitik behera inposatutako festa baten estigma daramalako ere. Arraroa da, artifizialtasunarengatik. Interes politikoek eraginda, gutxi batzuk festa hori jarri behar zela eta jarri behar zela setatu ziren, eta beren karamelua lortu arte etsi ez zutenen maina baten usaina du.
Baina izan nadin positiboa: nik Sarasateren Euskal Kapritxoa entzunez hasten dut gaurko eguna.
Hitz beste
Festa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu