Plazatik

Funtzionario

andoni egana
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldikoa eta ezaguna da txistea: bi mutiko ari dira erronkan. Batak harro botatzen du: «Gure aita, bere fabrikako jefea da, eta BMWa dauka. Eta lana bukatzen badu lauretan, laurak eta hamarrerako etxean izaten da txistu batean». Besteak are harroxkoago erantzuten dio: «Ba gure aita funtzionarioa da, eta ez dauka auto garesti horietakoa, baina lana lauretan bukatzen badu, laurak hamar gutxitarako iristen da etxera».

Grazia egiten zigun txisteak. Funtzionarioez pentsatzen ari nintzela gogoratu zait. Izan ere, krisi garaiotan, funtzionarioak sarri dabiltza askoren ahotan. Urrutira jo gabe aste honetako Argia-k «asteko gaitzat» hautatu du, eta Mikel Garciaren erreportaje interesgarria dakar, Beharrezkoak bai, baina bada zer hobetu izenburupean. Sarrera hitzetan aipatzen dituenak oso zentzuzkoak iruditzen zaizkit: «Krisi ekonomikoa langabeen zakua puzten eta lan baldintzak eskasten ari dela, hainbatek funtzionarioak hartu ditu jomugan: guztion diruak ordaindutako soldatak dituzten langile horien produktibitatea zergatik da baxuagoa? Zergatik ez dute kontrolik baina bai bizi guztirako lanpostu finkoa? Zenbat dira eta zenbat kobratzen dute?».

Oposiziotik abiatzen omen da dena. Bat nator. Eta ziur nago egiten diren oposizioak baino zehatzagoak eta hobeak burutu daitezkeela. Baina neurgailuen aldekoa naiz ni. Neurgailurik eza baino juxtuagoa iruditzen zait neurgailurik txarrena ere. Garai batean, enpresa pribatuan sartzeko modurik ohikoena une egokian toki egokian egotean zetzan. Edo galdezka ibili eta bazterrak maxiatzean. «Ez duzu ba postu bat edukiko gure koinatuaren anaia gaztearentzat, soldadutza bukatu berritan ezer gabe dago eta!». Eta parean tokatzen bazen barrura! Eta tailer hortan egin zitzakeen bizitzako gainerako urteak… Ez didazue esango oposiziorik desastreena baino juxtuago denik! Parean tokatzeagatik, halako familiatakoa delako, itxura ona duelako behar horretarako… Horrelako jendez beterik daude funtzionario ez direnen lanpostuak ere. Asko ezagutzen ditut sekula azterketa bat egin ez eta han edo hemen lana beti aurkitzen dutenak.

Zazpi urtez aritu nintzen funtzionario eta badakit egia dela kafe makinarena. Ez da bost minutuko txutxumutxuen kontu soila. Ezagutu nuen bat goizeko zortzietarako egunero txintxo fitxatzen zuena. Beroki handia soinean zuela etortzen zen. Azpialdetik kamixoia. Eta fitxatu ondoren etxera itzultzen zen gosaldu, arropaz aldatu eta bere burua prantatzera, bederatziak aldera lanean hasteko moduan egoteko. Egia da, era berean, zatoz bihar sindromearena. Funtzionario axolagabe eta adeitasun gutxikoak denok ezagutzen ditugu. Zorabiatu egingo zaituzte eta ez dizute behar zenuenik eskura jarriko. Baina bestelakoak ere asko dira. Gakoa legoke onaren lana berretsiko duen eta txarrarena gaitzets dezakeen taxuzko agintariak izatean. Eta horretatik ez dugu asko izan. Aholkulariak kontratatu, haiei men egin eta funtzionarioei purrustadaka legegintzaldia eman dutenak askoz gehiago dira.

Arrazoizkoa da funtzionarioa bertan goxo ikusten duenaren ikuspegia ere. Bizitza osorako lan finkoa. Ez da gutxi gaur egun! Baina bertan goxo-tasunak eraginkortasunean kalte egiten duela onartzen dudan modu berean iruditzen zait arriskugarri anbizio neurrigabea. Anbizioa: premiarik ez duenaren premia. Eta anbiziotsua ez da bertan goxo egonda askiesten. Bertan goxo-en nagusi edo bestelako langileen nagusi izan nahi izaten du.

Bestalde, onartuko didazue gure kultur eta gizarte kolektiboetan funtzionarioek izan duten garrantzia. Aurrezki kutxa eta bankuetako langile mordoa eta funtzionario asko ezagutu izan ditut era askotariko elkarteetan boluntario lanean, gurdiari tiraka. Arratsaldeko hiruretarako lan ordutegia amaiturik, paperen eta burokraziaren mundu ilunaren zoko-mokoen ezagutzaile, orduak eta orduak sartu izan dituzte borondatez. Gerta daitekeen paradoxa: funtzionarioa borondatez lanean eta soldatapeko langilea apurka funtzionarizatzen.

Akaso arestiko txistean okerreko unean egiten genuen barre. Inor gutxi jabetzen zen egungo krisialdiak zerikusi handiagoa duela lehen haurraren aitaren BMWarekin bigarrenaren aitaren hamar minutuekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.