Bogotán, zirtzil-azoka batean atzera-aurrera genbiltzala, pitxi erlijiosoen saltokitxo baten aurrean gelditu zen laguna, eta arrosarioengatik galdetu zion eguzkitan zimurtutako pergamino bat zirudien bertako emakumeari. Dozenatxo bat atera zizkion. Lagunak arreta zorrotzez aztertu zituen, eta bizpahiru erosi. Ezaguna bainuen haren ateismo militantea, harriduraz begiratu nion. Arrosariook amarentzat zirela esan zidan. Bidaia bat egiten zuen aldiro, arrosarioren bat eramaten ziola; ahal bazen, tokian tokiko amabirjinaren irudiarekin. Ehunka zeuzkala, opariokin leuntzen zuela bere ateismoak amaren fedeari eragiten zion oinazea.
Felix Romeo idazle zaragozarra hil berri da berrogeitaka urterekin bihotzekoak jota. Lagun asko zituen, idazle aparta zen, artikulu asko eskaini dizkiote. Inon ez dut arrosarioei buruzko aipamenik ikusi.
Gauari gau, hatzen artean arrosario diferente bat duela imajinatzen dut haren ama.
Hitz beste
Gauari gau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu