andoni egana
Plazatik

Gauzen izena

2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gogoan daukat oso ume nintzela amak etxetik gertuko eta konfiantzazko dendara (ultramarinos txartelpean ezagutu genituen) bidali ninduela azenario bila. Ikastolan zerbait ikasia izango nintzen eta «zaingorriak» eskatu nizkion dendariari, eta etxera bueltan bidali ninduen esku-hutsik eta lotsabete, mandatua ez eginaren kezkaz. Akaso ordutik hasi nintzen jabetzen hizkuntzak ez direla hots-katiaketa soila.

Ez da euskararen edo euskal hiztunen arazoa bakarrik. Gazteleraz gauza bertsua gertatzen da, baina hizkuntza indartsuei ez diote kili-kilirik ere egiten adiera desberdinek edo adieren goitik beherainoko aldaketek ere. Nire adin jirakoek gogoan izango duzue gaztelerazko mosquearse hitzak zer esanahi zuen guganaino iristen hasi zen garaian. Duela hogeita hamabost urte, «moskeatuta egotea» zen, bai gazteleraz eta bai euskaraz, ziurtasun erabatekorik gabe egotea, fidakaitz, susmo txarra hartuta, atezuan, zain alertan. Orain, inork ez du adiera horrekin erabiltzen. Haserrea adierazten du. Eta inork ez genuke zehazten jakingo noiz gertatu zen aldaketa. Euskarak eta euskal hiztunok nekezago jasaten ditugu horrelako gorabeherak. Hauskorragoak gara nonbait eta horrek euskorragoak izatera behartzen gaitu. Baina erronka hitzarekin oso antzeko zerbait gertatzen ari da. Lehen, erronka jotzen zebilena desafioka ari zen, «nik baietz» edo «nik gehiago»ka. Orain, helbururen sinonimo hartu dugu eta hor bizirauten dugu, bai erronkak eta bai geuk.

Ez da hain larria ere, eta hizkuntzan berezkoa da. Baina gustatzen zait barruenean bila ibiltzea, gauzak hobeto ulertzen saiatzeko. Kontatu nizuen behin, gatazka hitza 1980.ean ikasi nuela Karlos Otegiren euskal nobelagintzako pertsonaiei buruzko liburu batean. Eta aste honetan, murrizketa hitzari buruzko barne-gogoetaldia egitea tokatzen zitzaidan, noski. Gogoan dut orain malapartatua den hitz hori ere noiz eta nola ikasi nuen. Bertsomintzen ari nintzen sasoian, bertso bat ikasi nuen buruz, oraindik ahaztu ez zaidana, nahiz egilea zein zen zehatz-mehatz buruan gorde ez: «Gure sorotik ohostutzen dituk sahatsak eta urritzak/ eskatu eta emateko ere ez gaituk horrein murritzak/ adbertentzian nik jarriko haut, hik nahi duana egintzak/ harrapatuta preso sartzeko pentsamendutan gabiltzak». Xelebrea da. «Murritzak» ikasi nuen eta «murrizketak» ugaldu dira. Ezaugarri zena substantibo bihurtu dute hain zuzen ere besteren sorotik lapurretan iaioenak direnek.

Aldatu egiten dira hizkuntzak eta garaiak. Eta zenbait garaitan hizkuntza adierazteko baino gehiago ezkutatzeko erabiltzen dela iruditzen zait. BEZaren igoera kaltegarri izango zaigula sumatzen dugu, baina Balio Erantsiaren gaineko Zerga hori zer den ongi ulertzea Espiritu Santuaren izaera ulertzea bezain zail gertatzen zait niri. Akaso kontu espiritual-espiritualak eta material-materialak gehiegi interesatzen ez zaizkidalako zaizkit hain ulergaitz…

Ezkutatzeko eta tranpa egiteko ere erabiltzen da hizkuntza. Bestela ez luke graziarik. ETBri askotariko deiturak erantsi zaizkion honetan (ETB1, ETB2, ETBsat, Nahieran…) izenak izana zenbateraino alda dezakeen ekarri behar genuke gogora. Hasieran, ETB zen, euskara hutsean. Gero, ETB eta ETB2 ziren, gaztelerazko katea abian jarri zutenean, eta izendatze modu horrek argi uzten zuen artean zein zen oinarrizkoa eta zein gonbidatu iritsi berri eta bigarren mailakoa. Baina gauetik goizera, gu ohartu ere egin gabe, ETB1 eta ETB2 izatera pasatu ziren, berdintasun harremanean. Eta berdintasunean, handiak txikiari gain hartu zion, espero zitekeen bezala. Ez zen zenbaki soila eranstearen axaleko kontua.

Aste honetan Josetxo Ibazetarekin gertatuaren inguruko iritzi eta balorazioek ere eman didate zer pentsaturik. Denetarik entzun dut. Baina inori ez niri atentzioa ematen didan zerbait. Zergatik oihukatzen da oraindik edo idazten gora ETA militarra, ETAk bestelako adarrik ez duela ia hogeita hamar urte bete direnean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.