Patxik mahastia kendu zuenean sagastia jartzeko, aihen bat utzi zuen sagastiaren albo batean, han mahasti bat egon zela adierazteko. Manuelek, Patxiren semeak, arta-soro batjarri zuenean sagastia ipurditik atera eta gero, aihen zaharretik hurbilen zegoen sagarrondoa salbatu zuen, han sagasti bat ere egon zela garbi uzteko. Inaziok, Manuelen semeak, arta-soroa kendu zuenean tomateen negutegi bat jartzeko, golde bat utzi zuen aihenaren eta sagarrondoaren ondoan, han arta-soro bat ere egon zela aldarrikatzeko. Julianek, Inazioren semeak, negutegia bertan behera utzi behar izan zuen agintariek terrenoa desjabetu zutelako bi sosen truke, autobide bat egiteko.
Egun, haize pixka bat dabilenean, plastiko puska zahar batzuk ikusten dira errepidetik. Negutegikoak dira eta korapilatuta daude sasiak hartutako golde herdoilduaren hortzetan, mihurak itotako sagarrondoaren adarretan, aihenaren beso kamutsetan…
Hitz beste
Genealogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu