Badira hogeita zazpi urte paseak. Kuartelean soldadualdiz soldadualdi iragandako berria zen. Goiz hartan tiro ariketak egin behar genituen lekua eta pareta ezagunak ziren. Ez ziren edozein leku eta edozein horma. Hotz egiten zuen eta hotzikara sentitu nuen. Nire tiro abilezia eskasa zen eta, gainera, nonbait saiatzekotan hura ez zen lekua. Cetmea-k matraila ia urratzeraino igurzten zuen eta sorbaldan kolpea jotzen. Ganorarik gabe egin nuen tiro, min ez hartzeko adinako utzikeriaz. Tiroak, aurrealdera baina noranahi irten ziren. Gero, soldadu bakoitzak eman behar baikenuen gure puntuazioaren berri, korrika joan nire dianaraino eta Bic boligrafo baten kaputxa-muturraz markatu nituen balek markatu gabeko zulotxoak. Ez puntuazio altuegia ez baxuegia, bazenezbazen. Ez ninduten harrapatu. Ariketa gainditu nuenArmadaren materiala alferrik galtzearen salaketapean kalabozorako bisitarik gabe. Baina ez minik hartu gabe.
Memoriak min hartzera neraman derrigor. Hoyo de Manzanaresen geunden, Madrilen.Horma hartan bertan fusilatu zituzten zortzi-bederatzi urte lehenago, 1975eko irailaren 27an, FRAPeko hiru kide haiek. Jakinean, eta berriz ere toki berean tiro egiteak sortu zidan egunsentiko hotzak sortu ez zidan hotzikara. Trantsizio politikoa emana zen ordurako baina hormak lehengoak ziren eta lehengoentzat.
Memoria gutxietsitako zerbait izan da gure belaunaldiko eta ondorengoentzat. Hezkuntza sisteman euskarri bakar izatetik zetorren eta gure irakasleek ahalegina egin zuten hala izan ez zedin. Loritoen modura gauzak ikastearekin nahasten zen memoria. Eta gauzak ez omen ziren loritoen gisan errepikatzearen poderioz ikasi behar, ulertuz baizik. Arrazoia zeukaten. Baina memoriaren ikuspegirik murriztuena da hori. Pentsa zenbat aldatu diren kontuak! Egun, ulermenerako ezinbesteko tresnatzat jotzen dugu memoria. Horretan ari gara aro berri honetan: zer gogora ekarri eta zer ahaztu. Zer enbortu eta zer erraustu.
Bada irudimenari buruzko definizio bat, berri samarra, ikuspegia aldatzeko balia genezakeena. Irudimena jotzen da «memoriaren kudeaketa interesatu» modura. Bestelako dimentsio bat hartzen du memoriak irudimenari lotzean. Atzera begira soilik jartzen gintuena aurrera begira jartzeko ere ezinbestekoa dela aitortzen dugu. Bizimodu publikoan autogidarien gisan ibiltzera behartzen gaitu, noiz aurrera begira noiz retrovisoretik begirada sarriak eginez, aurrekoa maiz atzekoak baldintzatzen baitu. Irakurria nuen lehendik ere: «Ez gara garena, gogoan dugun hura baino». Eta «memoria» eta «irudimena» hitz politak diren bezala, «kudeaketa»-ri burokrazia usaina dario eta «interesatu»-ri egozentrismoaren kiratsa. Onar dezagun ordea joko-arau horietan mugitzen garela giza-abereak.
«Interesatuak» esan nahi du nahi dugun hura eta nahi dugun bezala gogoratzen dugula, eta eskubide osoa daukagula horretarako erantsiko nioke nik, hurkoak ere halaxe egiteko eskubidea duen unetik. Nori axola zaio Hoyo de Manzanaresen egin nuen tiro edo Bovadillan? Nori, horma hura zinez bederatzi urte atzerako bera zen edo ingurukoren bat? Nori goiz hartan hotz egiten zuen zinez? Zirrara dut gogoan eta zirrara hari eusteko gai naiz datuak komeni zaidan moduan gogoan hartzeko ere.
«Kudeaketan» datza, segur aski, gakoa. Geure interesari zenbaterainoko galga jartzen diogun neurtzean, alegia. Eta horretan estua izatea eskatzen diot neure buruari eta gainerakoei. Literatur narrazioak egia itxura izatea aski lukeen bezala, gure oroimenaren kontaketak itxuratik gutxi eta egiatik asko behar luke nahiz une jakin batean geure interesen aurka jo.
Gogoratzeko gogoa badugula dirudien garai hauetako gogoetak baino ez dira nire hauek. Harrigarria da euskaraz «gogo» hitzak duen indarra. Albo-hizkuntzetan ere hainbestekoa balu, beste oilar batek joko liguke kukurruku. Eta norbaitek egia hutsa balu gogoan, jakin beza baietz, Hoyo de Manzanares zela. Eta horma berbera. Eta hotz egiten zuela. Eta ez nuela arma matrailera hurbildu ere egin baina min hartu nuela. Boligrafoa bic zen edo ez da dudan zalantza bakarra. Literaturari beti utzi behar zaio bere tartetxoa.
Plazatik
Gogoari eraginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu