Eguneroko prentsaren errepaso egunerokoan, han-hemen irakurritakoen artetik, esaldi bat gelditu zait iltzatuta: «Asko ikasi dugu han behean». Edison Fernando Peña meatzari txiletarrak esaldi labur horrekin laburbildu du pasatu duten infernua. «Han behean» horrek literaturak hainbatetan tratatu duen descensus ad inferos(infernuetarainoko jaitsiera) gaiaren alderik deigarriena laburbiltzen du: sufritzea tokatu zaigunez, atera diezaiogun etekinen bat oinazeari. Baina zer nolako irakasbidea zuka liteke hain egoera beltz batean? Meatzariak berak ematen digu giltza: ikasi 'dugu'. Taldean ikasi dute, elkarrekin eutsi diote esperantzari, elkarri animuak emanez lortu dute onik irtetea.
Dante ere gidariarekin batera irten zen infernutik, «eta orduan ikusi ahal izan genituen geuk ere zeruak eskaintzen dizkion gauza ederrak zulo beltzetik irteten den orori: berriro izarren ederra ikusten hasi gara elkarrekin».
Han behean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu