Gurean Olentzero oso berandukoa da. Mendian galduta ibiliko zen urteetan, eta gurera iritsi zenerako umeen berezko ilusio hura galdua geneukan guk ere. Euskal Herriko toki batzuetara lehenago iritsiko zen, jakina, baina Gipuzkoako gure kostaldera Errege Magoak etortzen ziren ume ginela, baita ikastola-ume ginenon etxeetara ere. Gure umetako kantutegian Olentzerok baino lehenagoko sarrera izan zuten, esaterako, Txabi Etxebarrieta edo Keneddy bezalakohezur-haragizko pertsonaiek edota Antton eta Peru artzain burutxuri biek. Olentzero joan zaigu, mendira lanera… bagenekien noski, baina opariak Errege Magoek ekartzen zizkigutenez ikazkinari ez genion hainbesteko estimurik.
Ez da kontu hutsala Olentzero, Errege Magoak edo dena delakoarena. Ziur nago, irakurle, gogoan duzula non zeunden eta nork esan zizun horiek asmazioak zirela eta opariak gurasoen kontua izaten direla. Zamorak Molinonen gola sartu zuenean, dorre bikiak eraitsi zituztenean edota ETAk azken komunikatuaren berri eman zuenean non eta norekin zeunden gogoan duzun bezalaxe. Gogor egingo zenien hasieran. Ez zela posible. Nola ba gurasoak! Baina azkenerako etsia hartuko zenuen eta logika gaindituko zitzaion ilusioari.
Franco hil ostean hasi ziren Olentzeroak ugaltzen, eta amnistiaren aldeko borrokarekin izan zuen zerikusirik. Gabonetakoak egun ezin hobeak ziren falta zirenez oroitu eta haien etxeratzea aldarrikatzeko. Aldarrikapenak kuadrilla bat behar zuen kantuan, eta kuadrilla horrek sinboloren bat bateratuko zituena. Olentzero, beraz, botila ardoa, kapoiak eta arrautzatxoekin ezagutu ordez, ikurrinarekin, amnistiaren aldeko logotipo txillidarrarekin eta kaiolan sartua ezagutu genuen nerabezaroan. Eta opariek Errege Magoen eskumenekoak izaten segitzen zuten.
Gerora, Olentzero oparigilea ere hedatuz joan zen gurean. Bazuen gainera logika bikoitza: geureagoa zen sinbolikoki Ekialdetik zetozen Errege Mago haiek baino, eta opariak abenduaren 24an jasotzeak jolaserako denbora gehiago eskaintzen zion haurrari urtarrilaren 6an jasotzeak baino. Errege Mago-Olentzero bikoiztasunak xextrak sortuko zituen familietan. Ez dira gutxi izango batzuek eta besteak opariak jartzen dituzten etxeak, umeengatik edozer egin behar den ustean, eta «gure ume hau» besteen aldean gutxiago senti ez dadin.
Familiak familia dira eta aspaldi ikasi genuen «ni ez naiz nor zure etxean sartzeko» lizun zaporeko hura. Baina norbaitek, agintea duenak, ildoren batzuk marraztea inori ez litzaiguke gaizki etorriko. Orain Olentzero eta Errege Magoak, biak, antolatzen dira Udal askotatik eta, politika erabakiak hartzeko artea bada, norbaitek zirt edo zart egitea ez nuke begi txarrez ikusiko. Erdibideak bilatzeari ongi deritzodan moduan, bide erdian geratzea ezinaren isla iruditzen zait. Martin Fiz ematen dugu, Europako atletismo txapelketan maratoia irabazi ondoren pistari ohorezko buelta ematen, esku batean piperpotoa eta bestean ikurrina zuela. Ez zekien, nonbait, dena nahas daitekeela; dena, ikurrak salbu. Horrexegatik baitira ikur: ezaugarri askotarikoak begi kolpe bakarraz atzemateko moduko erakusgarriak direlako. Ikurrak nahastean, olioa eta urarena gertatzen da: bata bestearen gainetik geratzen da beti.
Olentzerok, kontatu dizuet, 75 eta 76ko amnistiaren aldeko ekitaldi haietara narama oroimenean. Eta amnistiaren aldeko ekitaldiek, derrigor, gaurkora, Bilbokora. Aurtengoa kolosala izango dela iragarri ziguten eta hala izateko trazak ditu. Aurtengoak berezia izango dela dirudi.
Haur orok ere izaten du bere aurten-a. Gabonaldi batean, ordu arte ez bezala, badaki gurasoak direla oparigile. Gurasoek beraiek berretsi diote, galdera zuzenean egin duenean. Baina ez dio lehengo uste zaharraren ilusioari uko egin nahi eta oraintxe baleki bezala jokatzen du eta oraintxe ez baleki bezala.
Bilbon bilduko garenok, jadanik jakin badakigu. Baina politikan tokatu zaizkigun gurasoez ez dugu opari handiegirik espero. Horrexegatik da, jakin arren, ez bageneki bezala jokatzeko urtea. Ilusioz… zerbait magikoa gertatuko den ziurtasunez.
Plazatik
Hator, hator...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu