Hamas eta Al Fataren arteko ezin ikusia, minbizi bat bezalakoa da palestinarren geroarentzat. Izan ere, aurrez aurre Israelgo estatu sionista izanik, palestinarren arteko batasuna ezinbestekoa da okupazioa eta kolonialismoa atzean utziko badituzte.
Herrialde arabiarretan lehertu diren matxinaden oihartzunpean, milaka palestinar –gehienak gazteak– kalera irten dira Gazan eta Zisjordanian, indar palestinarren batasuna eta adiskidetzea eskatzeko. Twitter eta Facebook izan dira bozgorailuak hor ere.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak berehalakoan Gazara joateko asmoa agertu du biharamunean, «zatiketa gainditzeko». 2007ko udan Hamasek Gazan agintea hartu zuenetik, hara joan gabea da. Eta Hamasek begi onez hartu du «presidentearen» asmoa: Abbasen bisita lehenbailehen izan dadin saiatuko dela jakinarazi du.
Herritarren protestak kontrolagaitz bihurtzeko beldurrak eragin ote duen bi aldeen jarrera aldaketa, aukera hori ez da baztertzekoa. Baina halako egoerak baliatzen jakiteak argitzen du geroa.
Hizpideak
Adiskidetzeko premia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu