Espainiak eten du Libiarentzako arma salmenta. Repsolek ere hango petrolio ustiatze oparoa geratu du. Italian kezkatuta daude, immigrazio olde bat jasateko arriskuarengatik ez ezik, krisiak kalte dezakeelako herrialdean duen mozkin bide joria. Izan ere, Berlusconik Gaddafirekin sinatu zuen laguntasun, elkartasun eta lankidetza itunaren ondorioz, 40.000 milioi euro bitarteko negozioa zuen Erromak.
Atzoko laguna, negozioetako adiskidea «diktadore hiltzaile gupidagabea» da dagoeneko. Ez da politikoki zuzena harekin harremanetan jarraitzea. Harrigarria da mundu osoari demokrazia eta eskubideei buruzko eskolak emateaz harrotzen den Europaren moral bikoitza. Bat-batean ez zen ohartuko Afrika iparralde osoa diktadorez beteta dagoela? Ez dira, bada, atzo goizekoak. Ben Alik 25 urte eman ditu Tunisian, Mubarakek 30 Egipton eta Gadafik 40 pasa Libian. Haien neurrirako hauteskundeetan betikotu dira boterean. Oposizioa txikitu eta herritarren eskubideak hankapean hartu dituzte. Nora begira egon dira Repsol, Berlusconi, Sarkozy...?
Hizpideak
Ai Europa, Europa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu